Niri buruz, eta nire herriari buruz, 2013ko abenduaren 8an
Adiskide maiteak, irakurle maiteak; badakit nigatik. nire familiagatik, eta nire herriagatik kezkatuta zaudetela. Arrazoi duzue, ez da harritzekoa, badago zertaz kezkatu. Azken urte hauek, gure bizitzako gogorrenetarikoak izan dira. Eta tamalez, arazoak konponbidetik urrun daude oraindik.
Ibrahim Boubacar Keita, Maliko presidente berriak, bere aurretikoen gisara, desager gaitezen nahi du, eta François Hollande Frantziako presidenteak lan hori erraztu nahi dio, edo gutxienez eginkizun horretan parte hartu nahi du. Egunotako komunikabideak irakurri, entzun, edo ikusi badituzue badakizue zeri buruz ari naizen. Iraganean bezala, ahalegin guztiak egiten dituzte Azawad gure herriaren alde aireratzen dugun, askatasun, justizia, eta duintasun aldarri legitimoa, eta historikoa ito, eta ukatzen.
Helburu hau erdiesteko, Maliko presidenteak eta bere konplizeek, estatu maliarrak berak, gure lurraldean hedatzen utzi dituen jihadista, eta terroristen zaku berean sartzen gaituzte.
Maliar armadak, bestalde, gure herria babestu ordez, gehiegikeriara jotzen du, batzuetan frantziar armadaren edo NBEko kasko urdinen aurrean. Esate baterako, joan den azaroaren 28an, batez ere emakumez eta haurrez osatutako manifestariak tirokatu zituen, bi emakume hil (bat haurdun zegoen), eta beste bost zaurituz.
Ez maliar agintariek, ez frantziarrek ez dute, enegarren aldiz egin ekintza arbuiagarri hau gaitzetsi. Eta Maliko presidenteak, berak, aireratutako hainbat hitzalditan, ez dugu erruki izpirik antzeman.
Ez bada zerbait egiten, ondoko egun, edo asteetan, genozidio beldurgarri baten lekuko izan gaitezke.
Le blog officiel de Mousa Ag Assarid 2013-12-08 (egokitua)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: