Korsikan
Moussa ag Asserid
Tuareg bat galdu zaigu Korsikako paisaietan.
Gamelua, bere basamortuan utzi duen arren, soinean darama “tagelmoust”-a. Korsikako mendi tontor elurtuetan pausatu du begirada.
“Tenere”-k, erraiak hegan jartzen dizkion bezala, jartzen dizkio hegan erraiak, mendi garaiak.
Haratago, itsasoa. Basamortu urdina, urezko mortua.
Sakon hartu du arnasa, lekuz kanpo dagoen, baina lekuz kanpo sentitzen ez den “imouhar”-ak, gizon askeak.
Buruz dakizki esan beharrekoak. Mortuko bere herriaren ahotsa da, garrasia da. Azawadeko herrien, sonhgrai, tuareg, peul,eta mairuen aldarria da.
“Ez dugu irentsiak izan nahi. Ez dugu inork ezer inposatzerik nahi, ez hizkuntzarik, ez hezkuntzarik, ez bizimodurik, ez nortasunik, ez kulturarik, ezta erlijiorik ere. Gure buruaren jabe izan nahi dugu. Aske. Ez dugu inork arima lapurtzerik nahi”.
Moussa ag Asserid,, Azawadeko kel-tamasheq-a, bizi duen paisaia zoragarrian, han-hemenka sakabanaturik, taupada berbera bizi duten kolore, begirada, herri eta mintzoak. Euskaldunak, gaskoiak, katalanak, bretoiak... eta etxekoak ere bai, noski.
2013ko abuztuaren 3a da, larunbata.
Turista zuri belztuak, hondartza zurietan lasai etzanda.
Korsikera Ajaccio-ko enparantza nagusiko agure dotoreen ezpain-ahoetan. Petankara jolasten ari dira... beti bezala. Karrika estu amaigabeetan, haurrak... gora, eta behera, pozik, saltaka, algaraka... frantsesez mintzo dira, frantsesak bizi ditu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: