Izena duenak izana du

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2015-02-20 23:59

 

  “'Azoad' basamortuan, harri berezi baten gainean zizelkatutako bi hilobi ikus daitezke, bi hilotz gordetzen dituztenak. Bietako bat, egarri izugarriz, mortua zeharkatuz zihoan merkatari aberatsa omen zen, egarriari ezin eutsiz, karabanako zamaltzain bati ur tragoxka, hamar mila dukata ordaindu zizkiona. Ez zion, halere, honek, heriotza ekidin, ez baitzen kantitate hura, nahikoa, bizirik irauteko. Heriok, halaber, bere ura hain garesti saldu zuen zamaltzaina ere, bere magal hotzean hartu zuen”

León afrikarra; Descripción de Africa y de las cosas notables que en ella se encuentran: 1550. Venecia MDL

 

 

Azawad, edo 'Azoad', Leónek zioen bezala, erabateko kaosean gal ez dadin, edo jihadisten atzapar beltzek ito ez dezaten, edo herriak nola hala aurrera egin dezan, nahitaezkoa den bake-akordioa sinatu zuten ostegunean Maliko estatuak, Azawadeko matxinoek, eta Nazio Batuen ordezkari den MINUSMAk. Akordio honen bitartez, sinatzaileek, era guztietako bortizkeriei amaiera emateko konpromisoa hartu zuten.

Uztailaz geroztik, Aljerren gauzatzen ari diren negoziazio urratsak beraz, poliki, baina etenik gabe aurrera doazela dirudi.

Eztabaidaren gaia, eta ardatza, Azawad lurralde hitsari dagokion estatusa da.

Azawad, Azawad...

Mali estatuaren ordezkariek, izena bera ere ukatu egin nahi diote ordea, lurraldea bera, elkarrizketa subjektua dena, umezurtz bihurtu. Betiko bere izenari bizkarra eman, eta “Mali-iparraldea” termino soilez bataiatu. Dagokion tokian, izen honekin baino ez azaltzea, nahitaezko premisatzat jotzen dute, gainera, negoziazio-elkarrizketek aurrera egingo badute. Ez dute Azawad izena inongo agirietan, ez aktetan, ez testuetan azaltzerik nahi. Ezta inoren aho-belarrietan ere, ez bihotzetan, ezta oroimenetan ere...

 

Izena duenak izana du, eta ba da. Ba du historia, ba du jatorria, izena eman zion hizkuntza. Badaki nondik datorren, eta zer amesten duen.

 

Izenik ez duena,

ez da.

 

 

 


Utzi iruzkina: