Ihesi
Azawadeko errefuxiatua
Maliko gerratik ihesi iritsi dira asko, Aljeriako “Hegoalde Handira”. Batzuek Tamanrasset, eta Adrar hirietan gelditzea erabaki dute, oraingoz.
Kel_Tamashaq-ak dira, bai kolono zaharrek marraztutako mugaren alde batekoak, baita beste aldekoak ere. Eta basamortukoen arau zaharrari jarraiki, bidaiaria ondo artatzera behartuta daude... guztiak.
Iritsi berriek, dendak zutitu dituzte han eta hemen, euren lehengusuengandik hurbil, batzuek lur-eremutxo bat alokatu ahal izan dute, bertan baratzea lantzeko asmoz, beste batzuek, emakumeak eta haurrak batez ere, belaunikatu, eta eskean jarri dira hirien erdiguneetan.
50 milatik gora dira etorkin ilegalak Aljerian, ez denak Tuaregak, ez denak Azawadekoak, ez denak maliarrak. Afrika mendebaldea irensten ari den miseria, langabezia, pobrezia, eta itxaropen ezetik ihesi dabiltzanak dira.
Bada, euren artean, estatu handi honen hegoaldetik iparralderago egin nahi duenik, eurentzako “El Dorado” antzeko zerbait den Aljerian barrena.
Bada, Maroko amets duenik, eta Marokotik haratago zabaltzen den Europa, lurreko paradisura iritsi nahi duenik.
Gehienak, gerraren mamutzarrak, euren mortua noiz utziko zain daude... jaioterrira bueltatzeko, Azawad hitsaren harea eta harrizko besoetan, berriz murgiltzeko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: