Hauts eskukada (Fulani ipuina)
Herri batean, gizon aberats bat bizi zen, dirua leihotik botatzeko adina zeukana eta bere etxearen aurrean egotea gustatzen zitzaiona. Goizero behartsu bat igarotzen zen bere ate aurretik, sasian sartu eta egurra bilduz bere familia elikatzen zuena.
Egun batean, aberatsak honela esan zion behartsuari: «Egunero ikusten zaitut nire ate aurretik pasatzen eta zure pobreziak pena ematen dit. Hemendik aurrera, zatoz goizero eta eska iezadazu zure familiaren gastuetarako behar duzun dirua, horrela, ez duzu gehiago sasietara egur bila joan beharrik izango».
Hurrengo goizean, egur bilatzailea aberatsaren aurrean agertu zen. «Zenbat behar duzu eguneko? galdetu zuen aberatsak eskua poltsikoan sartuz.
—«Emaidazu hauts eskukada bat, nahikoa izango da», erantzun zion gizajoak.
Gizon aberatsa, harrituta eta atsekabetuta egon arren, makurtu eta lurretik hauts eskukada bat hartu ostean zerbitzariari eman zion. Azken honek eskerrak eman zizkion metal preziatu eskukada bat jaso izan balu bezala, gero, ohi bezala, lanera joan zen.
Biharamunean, txiroa aberatsaren ate aurrean gelditu zen eta hauts eskukada bat eskatu zuen berriro eta aberatsak eman egin zion.
Gauzak horrela jarraitu zuten hilabete batzuetan batere arazorik gabe. Orduan, goiz eder batean, egur merkataria bere hauts eskukada eskatzera agertu zenean, aberatsak umore txarrez erantzun zion: «Entzun, adiskide! Zure hauts eskukada nahi baduzu, makurtu eta jaso ezazu zuk zeuk. Nekatu egiten nauzu azkenean!».
Hitz hauekin, barrez lehertu zen gure egur biltzailea. «Oi gizon aberatsa!», esan zuen. Eskukada bat hauts emateak, jasotzeko makurtu egin behar zarelako, hainbeste larritzen bazaitu, zer gertatuko litzateke zuregandik zilarrezko txanpon bat jasotzera,goizero eskua luzatuz, etorriko banintz?… Utz iezadazu, beraz, nire familiarentzako bizimodua nire kabuz irabazten, nire kopetako izerdia ez baita sekula gogaituko egunero ematen didanarekin».
"Hartu” hitzak beti nekatzen du esaten duena, pisu fisikorik ez badu ere, sama astuna du denbora luzez esaten bada.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: