Gerra gorria

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2015-03-19 19:45

Kel_tamasheq-en bitxia

 

 

 Bada aspaldiko istorio bat, basamortuaren alde batetik bestera «Harmattan» haize zitalarekin batera dabilena. Zaharrek ondo baino hobeto ezagutzen dutena, ez baita besterik Aïr, edo Ahaggar, edo Tassili n›Ajjer goialdeetan latzagorik.

 

Ba bertako zaharrek diote, gerran urte batzuk igaro ostean, sendi ezagun bateko semerik ederrena, biziena eta alaiena etxera bueltatu zela.

Mutilak baina, ez omen zeukan inondik inora behin alde egindako haren trazarik, hain omen ziren nabarmenak gorputz hustu haren hezurdura, begitartearen kezka, ezpainen zimurra, besoen tristura.

Gurasoek halere, bizirik zela ikusita, pozez zoratzen, besoak zabalik egin omen zioten ongi etorria, eta gozo eraman kanpamentura.

Lehenengo egunetan ez omen zuen mokadurik ahora eraman, ezta ia hitzik askatu ere. Begiak inguruko gauzei baino, barrenera begira omen zeuzkan, eta halaxe igaro omen zituen gauak eta egunak, hurbilago mortuko «djinengandik», edo dunetako izpirituengandik, ezen haragizko gizakiengandik baino.

 

Kezkaturik omen zituen gurasoak, baina itxaropentsu halere, denborak senda zezakeen ondoeza izango zelakoan aldarte hura.

Ez zien haatik patuak ezer onik ekarri, zazpigarren egunean semeak zerbait harrigarriaren gainean hitz egin baitzien.

Hona hemen hitzez hitz esandakoak:

 

- Izututa gizakiak gizakiarentzat asma ditzakeen infernuez, lotsatuta elkarri jasanarazi diezaioketen oinazeez, laztuta arima ikusi, entzun, eta egindakoez, gaurtik aurrera, gehiago, pertsona ez izatea erabaki dut, ezpada narrasti, edo suge zahar.

 

Eta hitz hauek esan bezain azkar, lurrera bota omen zuen bere burua, eta arrastaka, eta txistuka hasi omen zen, letaginak erakutsiz, eta parean parekoari eraso eginez.

 

Diote zaharrek, guraso koitaduek, akazia adarrekin egindako kaiolan gorde behar izan zutela euren mutiko bihotzekoa, piztia bati bezala jaten eman, eta animalia baten gisara azpiak egin.

 

Halaxe joan omen ziren basamortuko haizearen uluekin batera, hiru ilargi bete, bata bestearen ondotik. Laugarren ilargiaren hastapenarekin batera, baina, piztia suge zaharraren ama, bihotza urraturik,eta begiak malkotan, semea besoetan estutzeko beharrak jo omen zuen.

Diote dakitenek, ahotsetan oraindik dardara, munstro sugeak ahaleginak eta bi egin zituela ama hurbil ez ziezaion, baina alferrik izan omen ziren ahaleginak denak, besarkada estu batean itota erail omen zuen semeak ama.

 

 

 

 


Utzi iruzkina: