Europa (Antiutopia)
herriaren memoria
Mugarri bat jarri genuen atarian
Eta mugarriaren parean harresia
Eta harresiaren gainean arantzak
Ez zedin beldurra gure etxaldeetan sar
Ez ziezaieten gaueko basa-piztiek
gure sutondoei, gure ortuei
gure emazteei kalterik egin
Mugaz haraindi gera zitezen iluna
eta ilunaren kedarraren morroiak
Ez zitzaten beleek gure umeak iratzar
Euren sehasken kulunkan egin zezaten amets
Euren arimen graziak biziraun zezan
Harresitik kanpo utzi genuen jainkoen amorrua
Ez gintzaten ekaitzek ikara
Ez zezaten etsaien geziek gure larrua urra
Ez zitzan gure lurrak kimu arrotzak erna
Guk ereindakoa baino ez zedin haz
Zazpi sarrailekin itxi genituen
gure erresumako atari eta zeruertzak.
Begira zure ingurura, ene seme. Ikusten?
Gure izerdiaren fruitua da dakusazun guztia
Hau da gure herria, gizon egiten gaituena
Hau da gure odolaren odola, biziraungo duena
Hau da gure haragi eta hezurren aldare bedeinkatua
Hau da guri agindutako lurra
Gure errauts zuri orbangabeei lur emango diena.
Jon Gerediaga , 2007
Iruzkinak
Utzi iruzkina: