Azawadarren ametsak

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2014-06-24 00:47

 

  Harat honat galdu dira azawadarren ametsak, Mauritaniako Mbera errefuxiatu eremuan. Gorputz, hezur, betile, belo... artean.

Gizonen ezpainetatik zintzilikatu dira, haurren begirada gardenetan busti, emakumeen adats beltz luzeetan behera irristatu.

Osasun, duintasun, askatasun, bake, zoriontasun... ametsak dira. Gizaki orori, amaren sabeletik erditzen den une berean, bi bekainen artean, halabeharrez korapilatzen zaizkionak... ametsak.

 

Zipriztindu da Mbera, Kel_tamasheq-en kezkez, eta baita ere bihotzak tristatzen dituen zama arintzen duten dantzez.

 

Espazio infinituaren oinordekoak, basamortuarenak, bata bestearen gainean, ondoan, azpian... pilaturik. Estu, larri, ito beharrean.

Asko dira, 70.000tik gora, eta urteak dira jadanik hona iritsi zirela, traste apurrak aldean, beldurrak airean, izuturik, nekaturik.

Baina mortuak bizi ditu azawadarrak, nomadak dira, ibiltariak. Eta edozein nomadak ondo daki jaioterrira bueltatuko dela, eta horregatik ilunabarrean, suaren inguruan tea hartzera biltzen direnean, ortzira begira jartzen dira, haur, gizon, eta emakumeak, eta artizarrari egiten diote gorazarre, ondo baino hobeto baitakite harexek erakusten duela etxerako bidea.

 

 

 


Utzi iruzkina: