Arma saltsa ustela

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2015-01-31 18:45

 

Vienako banku batean eseri dira tuaregak, gitarrak eskuan. Ez dabil jende asko kalean. Kale estu, arrunt bat baino ez da.

Atzealdean, lantegi batenak diruditen adreiluzko hormak. Bankua zaharra da. Pintadak. Lata bat lurrean.

Ez daude Vienako auzorik aberatsenean, eta halere argitasuna, dotorezia, eta lasaitasuna dario, Kel-tamasheq-ek euren abestiez, gitarrez, eta jantziez itsatsi diotena.

Abeslarien bihotza, baina, ez dago kale horretan, Europa zaharretik ez hain urruti dagoen Azawaden baizik. Gaur, arma-saltsa ustela den euren herrian.

Armak, Maliko estatuarenak, eta estatuak berak sustengatzen dituen GATIA bezalako milizienak.

Armak, AQMI eta Ansar Dine muturreko islamistenak, erlijioaren aitzakia erabiliz herria menperatu, eta hankaperatu baino nahi ez dutenak.

Armak, MNLA, eta MAA talde independentistenak, Azawadeko banderarekin batera, harro, aireratzen dituztenak.

Armak, Frantziako estatuak, Serval izenarekin lehenengo, Barkhane izenarekin gero, jihadismoaren aurka, baina batez ere, bere interes ekonomikoak defendatzeko bidalitakoak.

Armak, Nazio Batuek, MINUSMA operazioarekin, bakearen izenean, eta bakea eraikitzeko gaineratu dituztenak.

Armak, armen negozio oparotik gizentzen direnen anbizio aseezina baino elikatzen ez dutenak.

Jende xumea akabatzen dutenak.

 

 


Utzi iruzkina: