Amazigh
Amazigh izatea, herri betiko baten kidea izatea da. Hizkuntza betiko baten hiztun. Amazigh hitza, Afrika da, Afrika iparraldea. Amazigha, ez da arabiarra, ez espainola, ez frantziarra, ez italiarra. Amazigha, sorburua da, sorterria, sorlekua, sortzea, sormena.
Amazigh izatea, eustea da, etsipenari tarterik ez eskaintzea, irautea. Mendia, eta basamortua da, Rif, eta Tassili n'Ajjer, eta kabilia.
Itsasoa ere bada, guantxe galdua, guantxe denborak eramana, guantxe isildua, guantxe lurrundua.
Amazigh izatea. mintzaira , eta kultura gutxituaren isla izatea da, gutxietsia, basokoa, basamortukoa... basatia. Norbere domeinuan, errege destronatua, hitzik gabea, halabeharrez mututua.
Amazigh izatea, deserria da, emigrazioa, patera, herrimina. Amazigh izatea, borrokan jardutea da. Duintasunez bizi nahi izatea.
Amazigh hitza, askatasun garrasi ozena da;
izan, badirela
egon, badaudela
hantxe, Afrika iparraldean,
betidanik, bizitza eta heriotza,
eman dien amaren magalean.