Hauspoa ireki eta itxi
Soinu
txikia, akordeoi diatonikoa, trikitixa, trikitrikia, farrea, filarmonika,
pilarmonia, esku-soinua… hamaika modutara deitu izan diote XIX. mende
bukaeratik gurean dabilen tresnari. Trikiti hitzari buruz, berriz, Juan
Mari Beltranek esana du pandero hotsaren onomatopeiatik datorrela bere
ustez. Eta esku soinua aipatuta, panderoa ere aipatu egin behar. Duela oso urte
gutxira arte, panderoa dantzarako pizgarri moduan erabili izan da Bizkaian, eta
pandero-joleak koplak kantatuz janzten zuen musika. Horregatik, gaur egungo
panderojole-soinujole bikotea han sortu zela diote adituek. Akordeoi
diatonikoari buruzko lehen datu idatzia 1889.urtekoa da. Bertan Juan Carlos Guerrak
Urkiolako erromerian kokatzen du “novismo acordeón edo akordeoi diatoniko berri
bat” deitzen duena. 1890.urtean Altsasun ateratako argazki batean ere soinu
txikia azaltzen da.
1936ko
gerrak, gainerako guztiei bezalaxe, astindua ekarri zion trikiti munduari ere.
Herriz herri, erromeriaz erromeria trikitia jotzen aritzen zirenak lehendik ere
gaizki ikusiak baldin baziren, gauzak ez ziren batere aldatu gerra osteko
urteetan. Are gehiago, euskaraz kantatzea debekatu egin zuten agintariek eta
dantza lotua debekatua zen lehendik herri askotan. Erromeriak musikatzen
jarraitu zuen trikitiak, eta 60ko hamarkadarekin berriro irauli zen soinu
txikiaren mundua. Hirira egin zuen salto pixkanaka, Arrate eta Loiola irratiei
esker, batez ere.
Elgetak,
Jacinto Rivas trikitilari donostiar ezagunak, sostenidoak erantsi zizkion soinu
txikiari eta horrela soinu txiki jotzaileek beren aukerak handitu zituzten
nabarmen. Soinu txikiak halere bazuen nolabaiteko konplexutasun bat soinu
handiarekiko, eta horregatik soinu txikirako pieza asko soinu handia jotzen
zutenek egin zituzten: Gelatxo edo Pepe Yancik, adibidez. Pieza batzuk propio
eskatu edo enkargatzen ziren eta beste asko ezkutuan grabatu, ikasi eta
norberaren errepertoriora gehitu. Laja, trikitilari azkoitiarrak, kontatzen
duenez, “Elgetak asto gainean ekarri zituen arropak gurera, ia lau hilabetez
bizi izan zen gurean, eta sukaldera sartu bezain laster soinua jotzeko eskatu
eta batere jakin ez banu hobe nuela esan zidan; ordurako bi urtean nenbilen
erromerian, gaizki jota ere balekoa zen eta. Asko ikasi nuen berarekin; bi ordu
edo egiten genituen soinu jotzen”.
Trikitilariek
bertsolari jakinei enkarguzko lanak eskatzen hasi ziren gerora, batzuetan gaia
emanda (neska laguntzeak, ehiztariak, pilotariak…) eta beste batzuetan libre.
Ohitura horrek gaur arte iraun du eta kasu gutxi batzuk kenduta piezen hitzen
sortzaile ez da trikitilaria izan.
1970ean
Euskadiko Trikitilarien lehendabiziko txapelketa antolatu zen, eta izugarrizko
arrakasta izan zuen. Joxe Mari Iriondo kazetariak dioenez, “1969an txapelketa
egiteko asmoa zen, baina 70ean egin genuen azkenean, eta Donostiako Trinitate
Plaza jendez bete zen. Lehenengo urte hartan jende asko gerturatu zen “a ver
la aldeanada que van a presentar estos”, baina handik atzera soinu txikia
ibili zen Donostiako kalejira guztietan”. Gatazka faltarik ere ez da izan
harrezkero trikitiaren ibilbidean; eskola zaharra eta berriaren arteko polemika
piztu zen Kepa Junkera eta Joseba Tapiak txapelketara eraman zuten
estiloa zela eta ez zela. Eskola zaharrean hazitako zenbaiten ustez hura ez zen
trikitia, dantzarako ez zuela balio esan
zuten.
1992tik
aurrera trikiti bikote asko talde bihurtu ziren; horren adibide dira Imuntzo
eta Beloki, Gozategi, Maixa eta Ixiar, Iker eta Larraitz edota Zabaleta eta
Imanol. Trikitixa eskolak ugaritu eta instrumentuak berak nolabaiteko
euskalduntasun musikalaren erreferentzi papera hartu zuen, eta bikoteak,
ordu-arte erromeri talde zirenak, plaza talde bihurtu ziren. Beren sormen lanak
pieza tradizionaletatik pop-rock inguruko piezak egitera eraman zituzten; mota
guztietako talde eta bakarlariekin hartu du parte trikitixak. Horrez gain,
trikitixa taldeen beste adar bat udako abestiarena izan da; Tapia eta Leturiak
band formatuan, Alaitz eta Maiderrek, Maixa eta Ixiarrek, Gozategik eta Etzakit
taldeak sortutakoak dira aipagarrienak.
Soinu
txikiaren historian Arrasateko Gose da infernuko hauspoa musika elektronikoarekin
uztartzen, erritmo gogorrekin nahiz gitarra biziekin nahasten, ausartu
den lehen taldea. Bi disko plazaratu dituzte, eta lortu dute, bai, entzulerik,
kritikak era guztietakoak jaso badituzte ere, eta betiko trikitiaren aldeko
askok onartu ez arren. Agerian da soinu txikiak urte gutxian izan duen
eboluzioa.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: