Post Low

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2012-03-31 19:06

Hiru tipo eskenatoki gainean. Neska bat eta bi mutil. Kitarra bat, baxu bat eta kaxa, basea eta bi plato besterik ez dituen bateria soil bat. Kitarra kolpe zerriak, imaginatu daitezkeenak baino askoz gehiago. Hala ere, kolpe eta kolperen artean milaka detailerekin topatzen zara, atzetik, kitarrak bere kabuz joko balitu moduan, bizi propioa izango balu moduan eta hala dirudi batzuetan Alan, alde batetik bestera eramaten baitu tiraka hankak twist dantzari baten moduan mugitzen dituen bitartean. Batzuetan, muxu bat ere eskatzen dio baina ez kopetan ematen diren horietakoa. Kitarrak, jasotzen dituen kolpeak bezain muxu zerriak nahi ditu eta horixe da Alanek ematen diona. Giroan, tentsio eta intentsitatea nabari dira. Sufrimendua, masokismo ikutu bat ere bai. Sufrituz agian, bizia errazagoa bait da. Ezerk ezin zaitu mindu, zu zara mina… Edo deabrua… Alan behin Lucifer berak eraman omen zuen… Ez dakigu nora.

Erdian Mimi dago, bere bateria soilaren atzean eta bere erritmoek Segurako Aste Santura eraman naute. Badute hileta-martxa ikutu bat. Konturatzerako, barruraino sartzen zaizkizu eta erritmo sinple horiek zure arima hipnotizatzeko estrategia landu bat zirenaren sentsazioarekin amaitzen duzu. Hala ere, ez da hori Mimiren armarik indartsuena ahoa ireki eta kantatzen hasten den bakoitzean, zure ahoak ere zabal zabalik amaitzen baitu.

Ondoan, garaiko baxu-jolea dute; Steven igerilaria. Baxu-jole ona da, lan zikina ixil-ixilik egiten duen horietakoa. Eskenatoki gainean dagoela ere ahaztu egiten zaizu noizean behin eta hain justu, une hori probesten du bera ere sentimendu, intentsitate eta sufrimendu mundu horretan begirale soil bat besterik ez dela erakusteko.

Atzo, Low ikusi nuen Kursaalean eta oraindik, ez naiz errekuperatu.


Utzi iruzkina: