JAZPANA! Fest 2012 (Urriaren 26 eta 27 Beasainen)

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2012-09-17 21:30

Urte berri bat, JAZPANA! Fest berri bat! JAZPANA! Fest krisis mode hori bai... Inoiz baino konplexu zein nekezagoa izan da jaialdia errealitate bilakatzea baina behin kartela muturren aurrean dugula, pozik baino gehiago gaudela esan dezakegu azken emaitzarekin. Izen handiak, goruntz doazen talde gazteak, banda mitikoak, herriko jendea, argazkilaritza, saskibaloia, skatea eta guztia nola ez, DEBALDE! Horiek dira dagoeneko laugarren edizioa duen jaialdi honen ezaugarriak eta guztiak mantentzea lortu dugu beraz, zer nahi duzue esatea? Oso gustora gaude.

JAZPANA! Fest 2012 urriaren 26 eta 27an ospatuko da Beasaingo Bernedoenea aparkalekuan baina ostiral horretara iritsi aurretik aurten jaialdi goierritarrak izango duen berrikuntzarik handiena azaldu beharrean gaude.

Jaialdiaren lehen urtetik Rural Postmodern etiketaren inguruan aritu gara lanean baina egia esatea nahi baduzue, ondo definitzen gaituela pentsatzen badugu ere, ez dugu oso garbi zer demontre esan nahi duen Rural postmodern horrek... Horregatik, eta gure analfabetismo artistikoa medio dela, artistei hitza ematea erabaki dugu termino zoragarri hau egituratzen laguntzeko. Jasotako lanekin Jazpanart! erakusketa osatuko dugu Beasaingo Igartza Jauregian urriaren 21etik 25era. Erakusketaz gain, hitzaldi, tailer, moda desfile, kontzertu eta abarrez gozatzeko aukera izango duzue aste horretan zehar herrian dugun XII. mendeko Jauregi ikusgarri honetan (ba al da hori baino Rural Postmodernagorik?).

A3 (txikia)

Behin Jazpanart! amaituta JAZPANA! Fest jaialdiak hartuko du txanda eta ostiralean zehar (urriak 26) ospatuko dira dagoeneko klasiko ditugun 3x3 basket eta skate txapelketak. Kale saskibaloia goizeko 10:00etan hasiko da eta aurten Ezkiagako frontoiean ospatuko da (izena emateko ekintzak@jazpana.com helbidera idatzi beharko da). Skatea ordea, Gernika Pasealekuko frontoiean ospatuko da (Bai, frontoiak asko gustatzen zaizkigu... Rural Postmodern tio!) eta atsaldeko 16:00etan emango zaio hasiera (ez da beharrezkoa aurretik izena ematea).

Ekintza hauez gain, Argazki Rallya ere aipatu beharrean gaude. Jazpanart! hasten den unetik azken taldeak jotzen amaitu arte iraungo du eta sari ederrez gain, partehartzaileei beraien argazkiak urtarrilean Beasaingo Usurbe Aretoan ospatuko den erakusketan ikusteko aukera eskainiko die.

Ekintza paraleloak alde batera utzita kontzertuez hitz egiten hasteko ordua da horixe baita gehien aztoratu eta harrotzen gaituena. Hasieran esan bezala “krisis mode” moduan planteatu dugu jaialdia baina gauzak ongi egin ditugulakoan gaude eta esan dezakegu inoizko kartelik konpletoena dugula aurtengoa.

Ostiralean (urriak 26), lau talde eta dj bat izango ditugu protagonista (ERROMA, MUTÜRBELTZ, NO MORE LIES eta LISABÖ) eta dagoeneko ohikoa den moduan gau gogor eta zikinagoa izango dugu larunbatekoa baino. ERROMA talde berria dugu baina sentsazio ederra utzi dute jo duten leku guztietan. Begia botata genien aspalditik baina tartean beasaindar bat zebilela ikusi arte ez ginen talde bakar zein berritzaile hau ekartzera ausartu.

MUTÜRBELTZ ezagunak genituen aspalditik eta hasiera-hasieratik genituen agendan. Rock doinu indartsuak dira beraien ezaugarri nagusia eta taldekideen artean Sexty Sexers edo Hot Dogs taldeetan ibilitako jendea dutela ikusita, zalantza guztiak unean desagertzen dira.
NO MORE LIES mitikoak Bartzelonatik datoz eta aski ezagunak dira estatu mailan. Belaunaldi bat markatu duen taldea dira beraien punk-hardcore indartsuarekin nahiz eta beraien ibilbidea ez den beraien musika bezain sendoa izan.
Eta ostiralarekin amaitzeko nola ez, gurre urteroko ametsetako bat, LISABÖ. We Are Standard, Delorean eta El Columpio Asesinoren ostean, garbi genuen 2012an kritikaren txalo gehienak jasotako Euskal Herri mailako taldea gure artean izan behar genuela JAZPANA! Fest jaialdian eta aurten, gurean protagonista izan den taldea irundarrak izan dugu zalantzarik gabe. Urtero egon dira gure nahien zerrendan eta azkenean hemen ditugu, une egokian, beraien “Animalia Lotsatuen Putzuan” Beasainen murgiltzeko prest!

Ez pentsatu ordea, talde hauen ostean festa amaituko denik ostiraleko dj-aren aukeraketa ere ausarta izan baita. Dj ordiziar bat jaialdi beasaindar batean pintxatzen! Ez da txarra ezta? DJ BUSBU klasiko bat dugu Goierrin eta Ordiziako Sugaar tabernara gerturatu den edonork ezagutzen ditu Jonek eromenerarte eramandako musika gauak.

Ostiralaren ostean, larunbata dator umetan ikastolan kantu eder harrekin erakutsi ziguten moduan eta JAZPANA! Fest 2012an ere berdin izango da nahiz eta larunbat berezia izango dugun. Ordutegi kontuak zirela eta, ordua aldatzen gaua aukeratu genuen lehen urtean jaialdia ospatzeko eta behin jaialdia egonkortzen hasita egun polit zein berezia iruditu zitzaigun JAZPANA! Festi izaera propioa ematen jarraitzeko.

Gau magikoa izango da beraz, ordu aldaketagatik alde batetik, eta urriaren 27rako prestatu dugun kartel izugarriagatik bestetik: CUARTO DE HORA, SUMISION CITY BLUES, BELAKO, ALIMENT, WILHELM & THE DANCING ANIMALS, ESTEREOTYPO, BIGOTT eta OBITS.

CUARTO DE HORA beasaindarrek bigarren aukera izango dute aurtengo JAZPANAn joan zen urtean taldekideetako baten gaixotasuna zela eta kontzertua bertan behera utzi ostean.

SUMISON CITY BLUES Sexty Sexers edo Obligaciones bezalako taldeetako kideek sortutako banda dugu eta Euskal Herriko kitarjolerik handienetako bi batera ikusteko aukera eskaintzeaz gain, Mink Deville eta Cicatrizen arteko ezinezko nahasketaren gozpuztea omen dira.

Aurtengo JAZPANArako gainera, talde berrien aldeko apostua egin nahi izan genuen hasiera-hasieratik eta 2012 hasieran egindako bi apostu ederki atera zaizkigu! BELAKO eta WILHELM & THE DANCING ANIMALSen alde izan zen apostua eta bederatzi hilabete beranduago, haurra karrera eta guzti jaio zaigu! Promesa moduan ireki genizkien ateak eta errealitate bezala datoz JAZPANA! Fest 2012ra!
ALIMENT gironarrak ere aipatu beharrean gaude talde indartsu zein sendoa baititugu eta beraien doinuak ez baitute inor brinko batzuk eman gabe uzten. Beraien diska berria aurkeztera datoz eta kritikaren arabera, hirugarren hau izan da talde kataluindarrari aurre pauso bat emanarazi diona.



Dantza egitea ere garrantzitsua izan da beti guretzat eta artikulazioak txikitzeko talderik gabe, JAZPANA bat ez litzateke JAZPANA! izango... Horregatik, aurtengoan ESTEREOTYPO kantabriarrak izango ditugu jaialdian! Doinu elektronikoak dantzarako prest energia eta umorez betetako kontzertuetan.
Eta pixkana iritsi gara aurtengo bi apostu garrantzitsuenetara. Zer esan BIGOTT jeinuaz? Pertsonaia muzinektik haratago, talentu izugarria duen artista bat dugu denborarekin, estilo propio bat sortzeko gai izan dena, berezkotasunak ezarria, aurreiritzirik gabea eta sentsazio kutsakor eta osasuntsu bat duena bere baitan; une bakoitzean sudur puntatik ateratzen zaiona egitea.
Hala ere, eta talde guztiekin oso gustura bagaude ere OBITS da harroen sentiarazi gaituen taldea eta ez beraien musikagatik soilik (gutxi ez bada ere) jaialdiarentzat suposatzen duenagatik baizik. Lehen aldiz, Estatu Batuetako talde baten estatu mailako bira Beasaindik pasatzea lortu dugu. EP berri bat aurkeztera datoz penintsulara eta hamar egun iraungo duen bira JAZPANAn amaitzea lortu dugu Bartzelona, Madril edo Valentzia bezalako hirietatik pasa ostean. Horretaz gain, JAZPANA! Fest jaialdian eskainitakoa izango da bira iberiar osoan DEBALDE! izango den kontzertu bakarra.

Larunbat gaueko festarekin amaitzeko ardura izango duen Dj-a Bartzelona aldetik etorriko da berriz ere pasa den urtean Mether & Zacker Dj-ak gurean izan ostean. DECKART DJ izan da aukeratua eta sona handiko Dj-a dugula esan beharrean gaude Nasty Mondays, Hit Me! Edo The B Side bezalako jaietan fikoa baita.

Hau duzue beraz 2012ko JAZPANA! Fest jaialdia. Esan bezala, zailtasun ugari gainditu behar izan dituen edizioa dugu eta horregatik, eta sekula baino gehiago, asko eskertuko genuke zuen komunikabideek bozgorailu lana egitea hainbeste ilusio eta lanarekin gorpuztu dugun jaialdi hau ezagutzera emateko. Mila esker!


Utzi iruzkina: