Azala zelan zaindu

souarin 1469022304224 So you are in | 2016-07-24 13:22

Domeka on polit horiek!

Gaurkoan gure aurpegiko azala ondo mantentzeko jarraitu beharreko errutinei buruz hitz egingo dizuet. Makillajea gustuko baduzue berebiziko garrantzia du honek, azken finean, zenbat eta hobeto egon gure azala are ederrago ikusiko da gainetik jarriko dugun hori. Eta makillatzea gustuko ez duzuenontzat ere, oso garrantzitsua da pauso hauek jarraitzea.

Hasteko bi errutina mota bereiziko ditut, goizekoa, batetik; bestetik, gauekoa. Aurrerago, post berri batean, nire errutinak zelakoak diren ikusi ahal izango duzue, zein produktu erabiltzen ditudan eta abar.

Zuen errutinak eratzeko orduan kontuan hartu behar duzuen alderdia da zein azal mota duzuen, era batekoa edo bestekoa izanda, beharrak desberdinak izango baitira. 

Azal mota desberdin ugari daude, pertsona bakoitzaren azalak berezitasunak ditu eta ez da erraza topatzea ondo-ondo datorkigun produktu sorta...
Jeneralean lau azal mota desberdintzen dira duten koipe mailaren arabera sortuak: sikua, normala, mistoa, koipetsua.

  • Sikuak koipe gutxi sortu eta horren beharra du, horregatik, hori eman behar zaio produktuak erabiltzerakoan. Azal mota honi behar duena ematen ez badiogu, etorkizunean ximurrak areagotzeko arriskua daukagu. 
  • Normala da arazo gutxien izango duena, ez du aparteko beharrik, bere olio maila orekatua baita.
  • Koipetsuak, izenak adierazten duen moduan, koipe gehiegi sortu egiten du, beraz, horri aurre egiteko produktuak erabiltzea gomendatzen da, kontuan izanik koipea ere beharrezkoa dela; askotan, koipeari aurre egin nahian gehiegi lehortzen baitugu geure azal preziatua.
  • Mistoa azal mota desberdinen nahasketa bat da, parte batzuetan koipe gehiegi sortzen da, beste batzuetan gutxiegi sortzen den bitartean. Beraz, behar duen hori ere eman behar zaio.

Oreka da beti bilatu behar duguna. [bizitzako edozein esparrutan bezala]

Koipeaz aparte azalak ura ere behar du, beraz, hidratazio falta duten azal koipetsuak aurki ditzakegu, baita beste edozein azal motetan ere, aintzat hartu datu hori ere.

Azal mota baterako joera izan dezakegun arren, esan bezala, azal bakoitza mundu bat da, hori dela eta, aldaera asko aurkituko ditugu, onena da guk geuk ondo aztertzea eta, posible den heinean, ur eta koipe maila neurtzen duen makina duen lekuren batera joatea diagnostiko bila. [Nik Bilbon ezagutzen dut Cosmetica Farmaceutica, moyuan, baina, beste farmazia batzuetan ere badutela jakin izan dut. Bilbon doan egiten dute, hori bai, gero produktuak gomendatu eta bertan zer edo zer erostea da helburua...]


Horri buruz gehiago jakin nahi izanez gero, esan, eta informazio gehiago bilduko dut sarrera espezifiko batean. Orain goazen errutina desberdinak azaltzera.

Goizeko errutina

Azala gauean zehar badoa bere lana egiten eta kaleko kutsadurarik ez dugun arren, bestelako toxinak garbitzea komeni da. Horretarako produktu suabe bat erabiltzea gomendatzen dizuet, garbiketa txiki bat baino ez dugulako behar. [Adi beti begi inguruko zonaldeari, azala askoz finagoa denez, ezin dugulako edozer bertan bota, irakurri ondo produktuek horretarako balio duten edo bereziren bat behar dugun.] Bakoitzak aukeratu beharko luke bere beharrei lotutako produktu hori, bai osagai zein testurari begira: mousse, gel, esne... Oro har, mousse/esneak gomendatzen dira azal sentsibleetarako, gel antzekoak gehiago azal misto edo koipetsuetarako eta, aipatutako moduan, azal normalek dira aukera zabalen dutenak. Kontuan hartu egun oso erraza dela produktua zer nolako azal motari zuzenduta dagoen ikustea, deskribapenean, hortxe dugu pista. Ah! Eta ez ahaztu, begi inguruaren azala askoz finagoa denez, hori garbitzeko produktu bereziak erabili behar ditugula, badaude batzuk aurpegi zein begietarako balio dutenak, baina ez denak, hortaz, ondo fijatu!

Aurpegia garbitu eta gero, toniko bat erabiltzea aholkatzen da, azalaren ph-a orekatzeko eta ondoren aplikatuko diren produktuak hobeto hartzeko. Tonikoan ere adi gure azal motari. Tonikoaren funtzio berdina betetzen du olo ('avena') urak, edo egun gero eta ohikoagoak diren bestelako produktu naturalak dituztenak, arrosaz egindakoa, esaterako [supermerkatuan Lixoné markakoa ikusi nuen]. Tonikoa spray formatuan baldin bada, gehienetan aplikatu ostean toalla batekin tokeak ematen lehortu behar dugu, bestela, kontrako efektua lor genezakeelako, ez da ona azala hezetasun gehiegiz uztea.

Tonikoaren ostean serum bat aplikatzea ez legoke gaizki, baina, segun eta zer nolako azala dugun, edota inbertitzeko dugun dirua, nire ustez, saltatu dezakegun pausua. [Nik orain dela urtebete baino ez dut sartu nire errutinan] Serum mota asko daude, berriro ere azal mota desberdinak kontuan hartuta, tratamendu desberdinak eskaintzen dituztenak... ez hartu edozein, erreparatu lortu nahi duzuen horri. 

Seruma aurpegian suabe suabe kokatu eta gero, begi inguruko zonaldea hidratatu behar dugu. Modu desberdinak daude produktua aplikatzeko, tokeak, leunki atzamarra batera eta bestera mugituz, zirkuluak eginez... efektuak desberdinak izango dira. Hori bai, erabili behar da indar gutxien duen atzamarra, azal hori askoz finagoa delako...

Begi ingurua hidratatuta, aurpegiko gainerako azala hidratatzeko txanda, geure beharrei lotutako produktuarekin, mugimenduak beti honelakoak izan beharko lirateke: bekoki, sudur eta kokotsean, noranzko desberdinetan egin dezakegu; aurpegiko gainerako azalean goranzko mugimenduak egingo ditugu [naturak egingo du jaisteko lan hori, egon zaitezkete trankil] eta, ez ahaztu lepoa, pixka bat altxatu eta beherantz mugimenduak eginez aplikatuko dugu.

Azkenik, azkena izateagatik ez zaio garrantzia kendu behar, eguzkirako babesa, urte guztian zehar, 365 egunez ezinbestekoa. Gainera, egunean zehar berriztu beharra dago, egun produktu asko daude hori errazago egiteko, erakutsiko dizkizuet nire errutina azalduko dizuedanean...

Eta listo!

Asko dirudi, baina, laburbilduz:

1. Aurpegia garbitu. 
2. Tonikoa aplikatu.
3. Seruma aukeran.
4. Begi ingurua hidratatu.
5. Aurpegia hidratatu.
6. Eguzkirako babesa.
7. Irribarre egin eta zein politak garen geure buruari gogorarazi!

Hau eginda makillatzeko unea letorke, nahi izatekotan, noski.

Eta egun luze, alai, estresagarri, ilusioz beteriko horietako baten ostean... etxera heldu eta gaueko mimoak ditugu egiteke.

Gaueko errutina

Aurrekoan erne ibili bazarete, ez duzue arazorik izango honekin, azken finean pausuak ia berdinak dira, produktuak apur bat aldatuz (nahi/ahal badugu) eta pausotxoren bat gehituz.

Gauean azalak  egun osoan zehar airean hartu dituen partikulak ditu, horregatik, mimo handiz garbitu behar dugu, birritan. Makillajea baldin badaramagu (baita eguzki krema ere–eta hauxe denok eraman beharko genukeen–) horixe kentzeko produkturen bat erabiltzea gomendatzen dizuet, asko daude, olioak, 'mizelar' urak, gel antzekoak... Bakoitzak gustukoen duena aukeratu eta garbitzera [niri bereziki begi zein aurpegirako balio dutenek gustatzen zaizkit kotoiak ekiditeko, mina ematen baitidate]. Probatzen zoazten heinean joango zarete ikusten zer nahiago duzuen. Eta gogoratu begi ingurua berezia dela, aukera desberdinak daude hauxe garbitzeko, aurpegirako balio duten gel batzuek balio dute begietarako ere, bestela, produktu espezifikoetara jo eta kotoiekin lagunduta kenduko dugu...

Makillajea edota eguzki krema azaletik ondo kenduta, bigarren garbiketa egingo dugu, oraingoak gel suabeago bat erabiliz, beste behin ere, bakoitzaren azal motari ondo datorkion horrekin. Zer dator orain?

Bai! Asmatu duzue! Berriro goizeko prozesua jarraituko dugu, tonikoa, seruma, begi ingurua hidratatu eta aurpegia ondo baino hobeto mimatu. Gauez azalak berreskuratze lan bat egiten duenez, ohikoa izaten da produktu loditsuagoak erabiltzea eta tratamendu desberdinak dituzten osagaiak aplikatzea [25 urtetik aurrera esaten dute antioxidatzaileak dituzten produktuak erabili behar direla]. Hasten ari bazarete, ordea, pozik egon zaitezkete pauso danak egunero birritan jarraitzearekin, ez al duzue uste?

Gaueko errutinan, beraz:

1. Desmakillatu/eguzki babesa garbitu.
2. Aurpegia garbitu.
3. Tonikoa erabili.
4. Seruma aplikatu.
5. Begi ingurua hidratatu.
6. Aurpegian krematxoa jarri.
7. Irribarre egin eta zein politak garen geure aurpegiari beste behin ere gogorarazi! [Inoiz ez da izaten nahikoa]

 

Nik animatzen zaituztet ohitura hau ahalik eta lehen hartzera, nagiak alboratu eta goazen geure bizitza bakar honetan izango dugun azal hori zaintzera; ikusiko duzue, egunen poderioz, zuen momentu horretaz asko gozatuko duzue... [niretzat behintzat oso atsegina izaten da]. Kontatuko didazue, ezta?

Honekin gaurko nire informazioa, baina agurtu aurretik esan, eguneroko errutinez gain, ondo datorrela noizbehinka aparteko batzuk egitea, hurrengo batean horri buruz hitz egingo dizuet, ados? 
Saiatu naiz labur kontatzen, alabaina... Espero zuen interesekoa izatea!

Ez ahaztu, zerbaiti buruz kezka berezirik izanez gero, hementxe naukazuela, profesionala izan ez arren, asko ikasten joan naiz urteekin, zer edo zer gustatzen zaizunean gertatu ohi den bezala.. Beraz, izan gogoan!

Agur politak, badakizue, 

elkarrekin kontu kontari.


Utzi iruzkina: