Zenbat da aurrekontua? Zer epe dago?

solasturi 1456152749042 Solasturi | 2008-01-21 22:10

1. Zenbat, zenbateko

Hona zer dioen EIMAren estilo-liburuaren Ortotipografia atalak zenbat eta zenbateko hitzei buruz (43.-44. or.): "Euskaraz, zenbat hitza erabiltzen da neurriak-eta galdetzeko; baita -(e)ko atzizkia erantsita sortutako zenbateko izenlaguna ere. Lehenengoaren erabilera, oinarrizko zenbat soilarena, tradizio handikoa dugu; baina, gaur egungo testuak ikusita, ematen du zenbateko besterik ez dugula aukeran, hartaraino ari baita baztertzen zenbat erro soilari dagokion moldea". Jarraian ematen dituzten adibideetatik, batzuk bereizi ditugu, eta letrakera lodiz nabarmendu zenbat eta zenbateko adierazten duten elementuak (baita zenbaten ere, azken bietan): 

  • Zenbat da karratu horren azalera, alde bakoitzak bi metro baditu?
  • Egizu kontu 5 m luze eta 26 cm zabal dela.
  • Zenbateko azalera du karratu horrek, alde bakoitza 2 m-koa badu?
  • Beraz, eman dezagun 5 m-ko luzera eta 26 cm-ko zabalera duela.
  • Zer alde atera dio bigarrenari? Bi minutu eta hiru segundoren aldea, zazpi tantoren aldea, lau traineruren aldea, kana erdiko enbor baten aldea… [zenbaten aldea]
  • Zenbat da aurrekontua? Aurrekontua 1.000 € da/dira. Mila euroren aurrekontua.

Honela segitzen du EIMAkoen azalpenak: "Azken adibideko molde horren ordez (zer aurrekontu), zenbateko ere erabiltzen da sarri. Onargarria da, aldeak alde; baina zenbateko izenlaguna den kasuan. Bestela, zenbat erabiltzea da egokiena. Beraz, hobe da azken adibide horretako moldea erabiltzea (‘Zenbat da aurrekontua? Aurrekontua 1.000 euro dira’) eta ez ‘Zenbatekoa da aurrekontua? Aurrekontua 1.000 eurokoa da’."

Beraz, bi formak dira beharrezko, zenbat eta zenbateko, baina bien artean 'lana banatzea' komeni...

"Egoki da ikasmaterialetan molde biak erabiltzea; izan ere, biak beharrezkoak baitira (eta hainbat aldiz ezinbestekoak) neurketak zehazteko eta bereizteko. Jokaera horri esker saihets daiteke, esate baterako, zenbateko formaren gehiegizko erabilera, sarritan nahasketa eta okerra eragiten duena:

  • Ekarri 3 euroko kafea! [kiloa hiru euroan saltzen dutena, bakoitza]
  • Ekarri 6 euroren kafea! [kiloa hiru euroan saltzen badute, bi kilo kafe, guztira]

Horraino Ortotipografiako azalpena. Hemendik aurrerako ataltxoa, onerako edo txarrerako, gurea da.

2. Zer epe dago? Epea zein da?

EIMAren estilo-liburuak esaten duenaren haritik, epe hitzaren inguruko gorabehera batzuk azter litezke. Izan ere, "Zenbat da aurrekontua" aukeran gutxitxo eta "Zenbatekoa da aurrekontua" barra-barra esaten dugun modu bertsuan, badirudi "zenbateko epea" bakarrik dakigula esaten (edo "epea horrenbestekoa da"), eta baztertu egiten ditugula beste forma hauek: "zenbat da epea", "zer epe dago", "epea zein da"...

Har dezagun esaldi pare bat, adibidez, EHAAn argitaratutako 118/2007 dekretutik.

  • 27. artikulua. 1. (…) eskaerak aurkezteko hiru hilabeteko epea izango da, kontratua amaitzen den egunetik hasita.

Ongi. Baina honela ere bai: "eskaerak aurkezteko epea hiru hilabete izango da/dira, kontratua amaitzen den egunetik hasita". Joskera horrek abantaila dakar, gainera, beste ingurumari batzuetan. Artikulu berean, 4. puntuan, honela dio:

  • (…) diru-laguntzaren eskaera hiru hilabeteko epean aurkeztuko da, amaitzen den datatik zenbatzen hasita.

Ohartzen bagara, "hasita" hori ez da ongi ezkontzen "aurkeztuko da" perpausarekin, epe hitzari dagokio eta. Begiratu ongi. (Beste huts txiki bat ere bada, "zer amaitu" ez baita esaten (gure kontu honetarako asko axola ez zaigunez, esan dezagun "X amaitu"). Ikus, orain, beste joskera, batere aitzakiarik gabea:

  • (…) diru-laguntzaren eskaera aurkezteko epea hiru hilabete izango da/dira, X amaitzen den datatik zenbatzen hasita.
Zer diozue?


Utzi iruzkina: