Sinadura-ekitaldia
(Testu birziklatua da hau, eta otsailaren 13an beste toki
batean argitaratu nuena du oinarri).
“Miren Azkarate Kultura sailburuak Eusko Jaurlaritza eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko hitzarmenaren sinadura ekitaldian (2007-2-7) adierazitakoak jaso ditugu hemen, oso-osorik”.
Ni “hitzarmenaren sinadura ekitaldi” horretaz mintzatuko
naiz pixka bat, eta Berriaren estilo liburuak dakarren beste ohar bat ere
ekarriko dut amaieran, interesgarria baita.
Sinadura-ekitaldia. Saihetsetik helduko diot. Apustu
egingo nuke denok guztiz desegoki joko genukeela “hitzarmenaren izenpe
ekitaldia” esatea. Orduan, sinadura eta izenpe sinonimoak baldin badira, biak ere
sustantibo garbi-garbiak, zergatik daukagu irentsita-edo “zeraren sinadura
ekitaldi” hori? Bada, nire ustez, nominalizazioaren gola sartu digulako berriz
ere gaztelaniak: euskarazko esapide horren atzean dagoen "acto de firma del acuerdo" hori, jakina, "acto en el que se
firma el acuerdo" da, edo, (gure artean) barregarri esateko, "acto de *firmación
del acuerdo". Euskaraz, nire iritzian, “sinatze-ekitaldia” esan beharko genuke, baina beste arazo bat sortzen da "hitzarmenaren sinatze-ekitaldia" esanez gero (-en ez dagokio erez ekitaldi hitzari, hor dirudien bezala, baizik eta sinatzeari), eta
aukerarik onena “hitzarmena sinatzeko ekitaldia” dela uste dut.
Nahi badugu gramatikaren korapilo gordinean sartu gabe
eta estilistikaren ñabarduretan gehiegi konplikatu gabe azaldu, hasierako zeharbidea har dezagun berriz: denok esango genuke “hitzarmena izenpetzeko
ekitaldia”; bada, lege onean, “hitzarmena sinatzeko ekitaldia” esatea dagokigu,
eta ez “hitzarmenaren sinadura-ekitaldia”. Ala ez?
- San Mames Barria eratzeko sinadura ekitaldia egin
dute.
- Hauek ere euskara planen sinadura ekitaldia egin nahi dute aurki.
- Lantxo honek Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren sinadura ekitaldia du abiapuntua.
- Babes ofizialeko etxe berrien sinadura ekitaldia udaleko areto nagusian egin zen.
Sinadura. (Berriaren estilo-liburua). "Izenpea. Gutunetan eta artikuluetan, kontuz: Maria Oiz eta beste 10 sinadura* [e.] Maria Oiz eta beste 10 sinatzaile.
Iruzkinak
Mikel 2008-01-02 13:49 #1
Gaiarekin kezkatuta habilela argi zagok. Eskerrak baten batek horren kezka izan eta adierazten dituela!

Hik esan bezala, "zerbait sinatzeko/izenpetzeko ekitaldia" esango niake nik ere.

Aitzitik, denboraren eta (mota guztietako) literaturaren poderioz ohitzen joan garelako-edo, "sinadura-ekitaldia" gure buruan sartu eta ahotik ateratzen zaigu maiz.

Hori dela eta, aitortu beharra diat (ahaztu gabe euskaldun berria naizela) {"Eskolatik Kalera hitzarmenaren [sinadura ekitaldia"]} ez zaidala hain arrotz egiten. Nolabait, "sinadura-ekitaldia" sintagmak autonomia semantikoa sartua izango balu bezala, hau da: hasiera ekitaldiak eta bukaera ekitaldiak ez ezik, sinadura-ekitaldiak ere ba direla dirudi.

Ez zekiat gogoeta labur hau lagungarria izango zaian...

Solasturi 2008-01-03 23:43 #2
Bai, Mikel, ongi ulertzen dut zure (diat hire) gogoeta, ustez. Neurri batean (eta barkatu berriz ere gogaikarri gertatzea) "neurri zuzentzaile" eta halakoekin bezala gerta liteke hemen ere: hasiera batean "x zuzentzeko neurriak" zirenak ("medidas correctoras de x"), ibiliaren ibiliz "neurri zuzentzaile" bihurtu bide dira, diozun bezala autonomia semantikoa edo harturik. Ez dizut ukatuko kezka sortzen didala fenomeno horrek, eta ustez denok bat gatozela ildo horretatik sorturiko emaitza batzuk ezinezko jotzean: "laguntzen organo kudeatzaile" (????), esan nahi delarik ("laguntzak kudeatzeko organo", "organo gestor de las ayudas"). Eskerrik asko gogoeta partekatzeagatik, eta barkatu zigorra.

iratxe 2008-01-05 11:25 #3

Oinarrian, zugaz konforme nago, Patxi: nominalizaziorako joera hau berritzat daukat, eta ez zait "naturala" iruditzen. Baina... egin egiten da, eta gero eta gehiago. Zergatik?

Gaztelaniaren eragina izan zein ez, gustatu zein ez, kontua da esateko moduak aldatu egin direla, eta beharrizan berriak sortu zaizkigula. Beti atentzioa eman didan "kontzeptu" bat ipiniko dut adibide: 'material aukeraketa'. Orain dela 14 urte (Jesus! zelan doien denporie!) "nominalizazioaren kontrako" lehenengo oharra kaleratu genuenean, kirol kazetariek erabiltzen zuten esapide horri bidea zelanbait mozteko izan zen. Argi dago ez genuela lortu. Izan ere, eurentzat kontzeptu bat da, termino bat, eta ez hitz bi. Eta esango nuke berdintsu gertatzen dela beste hainbat kasutan: zenbat eta hurrekoago eta erabiliago izan, orduan eta beharrezkoago egiten zaigu terminoa (eta berba elkarketa horretarako bide egokia da).

Dena dela, "zure" sinadura-ekitaldiari helduko diot orain. :-)

Bat nator 'sinatze-ekitaldi' egokiagoa dela. Zuk zalantza egiten duzu, -en sartuz gero, zeri egingo liokeen erreferentzia genitiboak. Baina, 'sinatze-ekitaldi' berba parea ekitaldi mota jakin bat sailkatzeko kontzeptutzat hartuko bagenu , ez genuke halako dudarik izango, ezta?

Zuk onen jotzen duzun esapideari, berriz, (hitzarmena sinatzeko ekitaldia) baina txiki bat ikusten diot nik. Beharbada oker nago, baina -tzeko horrek berdin balioko ote luke iraganeko gertakarientzat?

Solasturi 2008-01-05 23:05 #4
Ereduzko Prosa Gaur-en aurkitu dut Berriako adibide pare hau: "Konstituzioa sinatzeko ekitaldia egiten ari zen aretotik kilometro bat ingurura polizietxe bati eraso zion erresistentziak". / "Milaka pertsona bildu ziren atzo Ziguinchor hirian hitzarmena sinatzeko ekitaldia ikusteko asmoz". Nik behintzat ez diet arazorik ikusten (eskola horretakoa naizelako, agian?).

Zuek bezalako lagunekin, blogarekin segitu beste erremediorik ez dut izango martxa honetan! Oharkabean, nominalizaziaorekin zerikusia duten bi kontu atera ditut, eta beharbada beste txikiren bat aterako dut egun hauetako batean.

Utzi iruzkina: