Astea

solasturi 1456152749042 Solasturi | 2006-02-03 11:10
3

Hastea, eta astea. Astea egin du txoko honek. Hastea omen da zailena. “Hasiak erdia egina; egina, urre gorria”, dio esaerak. Hemen urre gorririk ez duzue aurkituko, baina solasgaia bederen topatzen baduzue, nahikoa eta sobera litzateke Solasturirentzat.

Zenbatean behin? Horra blogari eta blogari ustekoon galdera. Lehenbiziko egunetan egunero sartu dut zerbait, abian jartzeko gehienbat, baina ez da nire asmoa hala jarraitzea. Astean bizpahiru testutxo egiten baditut, aski. Hain zuzen ere, zenbatero ongi esana dagoen izan dugu hizpide, aste honetan, Itzul posta-zerrendan (urtarrileko mezuen sail horretan, bukaera aldean ikusiko duzue). Ezezko iritzia atera da nagusi, nahiz batzuei normal samar egiten zaigun eta idazle batzuek ere erabili duten. Zenbatetik, zenbatean behin eta halakoak dira adierazpide jatorrenak. (“Zenbatero” baino are okerragoa “noizero”). Erantzunetan “bi astero” modukoak gaizki daudela esana zegoen lehendik, orain iturri zehatza aurkitu ez badut ere (“astero” bai, baina “bi astean behin”, “bi astetik behin” edo “bi astez behin”).

Itzalaldia argitu. Bikaina, herenegun, izenburu hau Berrian: “Jaurlaritzak espedientea zabaldu dio Iberdrolari, itzalaldia argitu dezan”. Ez dakigu argirik ikusiko dugun, baina.

Zipetara erotua. Aitortu behar dut, literatura-lanetatik baino gehiago, Berrian idazten dituen zutabeetatik ezagutzen dudala Aurelia Arkotxa. Gauza xumeen kontakizun xehean, harrapatu egiten nau. “Amua hartzen nuelarik, harrak eta zizareak ontzietan sartzen, bazekien zipa arrantzara nindoala: harendako besta. Erotua baitzen zipetara.” Zipa, txipa edo ezkailua.

Blas eta Bladi. Alegia, gaur San Blas eguna dugula. (Badaezpada: hor Blaskoain deitura agertzeak ez du esan nahi herria Belaskoain ez denik). Olariagaren marrazkian ageri den moduan, “artaburuak bedeinkatzeko eguna”.

Artaburu on! Barkatu, asteburu on! Ez ibili urduri, eta izan solasturi.

Iñigo R.

Iñigo R. 2006-02-03 13:36 #1

Itxura ederrekoa koadernoa, Patxi.

Euskaltzaindiaren 110. arauan azaltzen dituk xehe kontu horiek: zergatik ez diren egokiak "hiru astero" eta tankerakoak...

Dena den, bertan ez zagok aztarrenik ere galdetzeko moduaz. Bitxiena duk nola berritzen diren behin eta berriro halako zalantzak. Beharlekuan aspaldi ez dela ibili genian gai hori berori. Eta sarri pentsatzen diat: "Ño, ez dok, ba, hain gatxa! Ondo normala dok esakuna hori". Baina bururatu ez ordain egokia. Egingo nikek horrelakoetan "zenbatean behin"-edo galdetu beharrekotan, "astea/hilean zenbat biderrez" esaten dugula. Ez zakiat.

Gogokoen zerrendan sartu diat hire koadernoa.

Atxik azkar.

Solasturi

Solasturi 2006-02-03 13:52 #2

Ongi etorri, Iñigo, eta eskerrik asko argibideagatik nahiz gainerakoagatik!

Iratxe

Iratxe 2006-02-07 21:37 #3

<p>Eta bizkaitarrona ahaztu dozu, Patxiku: <strong>aste birik behin.</strong> Ea sarriago egiten deutsudan kukuren bat, polito ekin deutsazu eta.</p>


Utzi iruzkina: