Giza zientzien garrantzia
Aurretik ere, beste mezu batzuetan hitz
egindakoa naiz teknologien arrakasta inguruko baldintzen menpe
dagoela neurri batean. Teknologia ona izan dezakegu, onena, baina
ingurua eta gizartea teknologia hori asimilatzeko gai ez bada, ez
dugu zeregin handirik izango. Askotan, benetako arrakasta izan duten
teknologiak ez ziren onenak, ezta gutxiago ere ez. Egokienak ziren,
momentu eta egoera jakin baterako egokienak. Beraien arrakasta
gizartearen baldintzetan oinarritu da.
Badago beharrezko oinarrizko
baldintzak ezagutu eta lantzeko aukerarik eta hemen soziologia,
psikologia, ekonomia eta beste “Giza zientziek” duten garrantzia
berebizikoa da. “Ikasketa teknikoek” teknikoegiak izatearen
kritika jasotzen dute askotan, eta nire ustez, kritika horri ez zaio
arrazoirik falta. Giza Zientzien arloan beste kritika bat bada, bere
praktikotasun eza, horretan ere ados. Beraz, badirudi batek soberan
duena besteak faltan daukala. Ba… batu eta kitto, ez?.
Azkenaldian giza zientzien
partaidetza arlo guztietan murriztuz ari dela dirudi. Ikasleak geroz
eta gutxiago dira, ikerketa proiektu gutxiago ikus ditzakegu eta
jasotzen duten laguntzak ez da proiektu “teknikoei”
zuzendutakoaren %5era iritsiko. Eusko Jaurlaritzak, bere Zientzia eta
Teknologia planetik, Zientzia, Teknologia eta Gizartea planera jo
zuen. Asko poztu nintzen hori entzutean, bazirudien aurrerapauso bat
zela. Urte batzuk pasatu dira ordea eta ez dut garrantzizko ezer
ikusi. Izenburuan beste hitz bat besterik ez.
Teknologiak DENON askatasuna
erraztuko duen mundu baterantz apustua egiten dut. Horretarako
hurrengo hausnarketa puntuak proposatzen ditut:
1.- Giza Zientzien eta
Teknologiaren arteko elkarlana bultzatu. Agian Zentro Teknologikoetan
soziologo, psikologo, ekonomista eta lingüista gehiago ikusi
beharko genituzke ingeniari, fisikari eta kimikariekin lanean.
2.- Giza Zientziek duten
garrantzia onartu. Gogoratu, baldintzak teknologia bera bezain
garrantzitsuak izatera iritsi daitezke. Baldintzak ezagutzerik eta
lantzerik bada. Horretarako Giza Zientzien ekarpena berebizikoa izan
daiteke.
3.- Ikerketa proiektuak
gizartean eta bere garapenean izango duten inpaktuagatik baloratu
beharko lirateke. Zein den proiekturik onena? Gizarte multzo handiena
askeago egingo duen hura.
Ezin dezakegu ahaztu, TEKNOLOGIA medio bat da, ez helburua.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: