Ekintzaile beharrean
Orain dela aste batzuk, Eduard Punset-en blogean, espiritu ekintzaileari buruzko mezu bikaina irakurtzeko aukera izan nuen. Bertan, espiritu honen garapenean aurkitzen dituen hainbat oztopo aipatzen ditu. Mezua irakurtzean orain dela hilabete batzuk irakurritako dokumentu bat etorri zitzaidan burura. Dagoeneko ez dut gogoratzen zein zen edo non irakurri nuen, baina irakurritako mezu bat oso garbi gogoratzen dut:
“Espainiako gurasoen %70ak bere seme-alabaei administrazio publikoan lan egitea gomendatzen diete”.
Onartu beharra daukat. Txundituta laga ninduen. %70ak! Eta nork ordainduko diete ba soldatak? Hara nola, beste ekuazio sinple bat etorri zitzaidan burura bapatean. Enpresarik ez badago, ez dago soldatarik, ez funtzionario eta ez bestelako langileentzat. Eta ekintzaile gabe enpresa gutxi. Benetan sinplea ekuazioa.
Eduard-ek planteatzen dituen oztopoen inguruan hausnarketa batera gonbidatzen zaituztet. Azken finean, denok daukagu erantzunkizun apur bat egoera honen aurrean, eta zer esanik ez guraso, irakasle eta administrazioak berak.
1.- Lehen oztopo bezala beldurra aipatzen du. Status-a galtzeko beldurra da. Lanpostu bat izanda, kontratu mugagabea, soldata....bueno...duina. Nola dena laga eta horrelako enbaxada batean sartu? Gainera, etxebizitza eta seme-alabak mantendu beharra izanda... Ados Eduard, erabat ados. Dena laga eta etorkizun kapritxosoari aurre egitea ez da batere erraza. 25 urte nituela horrelako zerbait egin nuen, dena laga eta proiektu berri bat hasi. Lanpostu atsegina, pertsona zoragarriz inguratuta, soldata duina eta baldintza ezinhobeak, nire herritik gertu...Baina hala ere, berria zen zerbait egiteak bultzatuta, beste bide bati ekin nion. Nire egoera ez zen oso konprometitua, ez bait neukan konpromezu handirik, ez seme-alabarik ezta etxebizitzarik, eta hala ere, beldur hori bizitu nuen. Status-a galtzeari beldurra, etorkizun berri eta ezezagun bati beldurra...Uda hartan ez dakit buruan beste ezer izan nuen. Ordutik, horrelako erabakia hartzen duten pertsonei nolabaiteko admirazio puntu bat diet. Eta zer esanik ez, familia eta etxebizitza mantendu beharra duten arren, aurrera jotzen dutenei, askotan daukaten guztia mahai gainean jarri eta apostua onartuaz. Tamalez, oraindik ere gizarte honek ez du behar bezala errekonozitzen hau. Egoera larri baten, galtzeko ezer ez daukazunean, aurrera egitea miresgarria izan daiteke. Baina zerbait izan, daukazun guztia utzi eta etorkizuna ideia baten menpe uztea, are miresgarriagoa delakoan nago.
2.- Bigarrenez, arlo hontan gazteriak ez daukala modelu imitagarririk aipatzen du. Errekonozimendu soziala futbol jokalari eta musikariengan konzentratzen da, baina 24x365 lanean ari direnengan...batzutan aurkakoa ere ikusten dugu. Enpresa gizon eta emakumeengan dagoen errekonozimendua, orohar eta salpuespenak salpuespen, eskasa da kasurik hoberenean. Oraindik ere enpresari diruzale eta explotatzailearen irudia bizirik dirau. Izan izango dira, mundu honetan denetarik egon beharra dago eta, baina hortik irudi hori orokortu nahi izatera... Nik ez daukat pertsonak miresteko joerarik, baina dena laga, pisua hipotekatu eta egunean 24 ordu, oporrik gabe, bere ilusioa betetzeko lan egiten duenak, horrek bai, nire miresmena irabazia dauka.
3.- Hirugarrenez, Unibertsitate teorikoegi batez hari zaigu, ezagutza praktikoetatik hurrundua, non irakasleak dakiena irakasten den, ikasleek behar dutena irakatsi beharrean. Hemen demaseko burruka dagoela iruditzen zait. Unibbertsitateak izan behar duen helburuen arteko burruka. Noizbait entzun izan dut gizartean badagoela nolabaiteko ezadostazuna Unibertsitateak izan behar duen helburuen artean. Pertsonen lan munduratzea eta bere garapen kritikoaren arteko kontrajarritasuna. Agian ez dut deus ere ulertu eta norbaitek hau aurpegiratzerik izango du. Baina eskertuko nuke norbaitek azalduko balidake zein helburu jarraitzen duen gaur egungo Unibertsitateak. Ez zein jarraitu beharko luke, hortan nire iritzia nahiko garbi daukat eta.
4.- Laugarrenez dioenez, espainian, ez da elkarlanaren kultura bat landu. Enpresari bakarlari eta arrakastatsua mitifikatu egin da betidanik eta hor dauzkagu hainbat adibide: Henry Ford, Bill Gates, Martin Varsavsky, etab. Eta hauei begira bizi izan gara, elkarlana eta talde lana alde batera utziaz. Heroi bakarlarien aroa bizi dugu, elkarlanean oinarritutako izaerak zigortu ere egiten direla batzutan. Orain dela astebete, Lanbide Heziketako irakasle batek komentatzen zidanez, ikasle talde batekin elkarlaneko praktika bat burutu zuen. Bi lan talde sortu eta bakoitzak enpresa proiektu bat landu behar zuen. Izugarriak itxuria bertan sortutako liskarrak. Taldearen erlazio eta giroa erabat zapuztu zen eta hilabete batzuk geroago, oraindik ere, ikusi ezinak eta beste antzeko jokaerak nabari ziren. Zerbait gaizki egiten ari gara, oso gaizki.
5.- Azkenik, bizitzako arlo gehienetan hartu beharreko erabakiak arrazoia eta logikan oinarritutakoak izan behar direla erakutsi digutela dio, emozioak alde batera utziaz. Ekonomilaria izatez, arrazoiaren erabilera saritu didate nire hezkuntzan. Ekonomian ordea, emozioen ondorioek analisi estadistikoek izan dezaketen balioa ezeztatzen dute sarritan. Biak dira garrantzizkoak, baina biei ez zaie garrantzi bera eman. Edozein erabakik emozio kutsu bat dauka, baita erabaki “logikoenak” ere, baina ezer gutxi erakutsi digute emozioen kudeaketaz.
Iritziak iritzi, nirea behintzat, erdi erdian eman duelaren aldekoa da. Badaukagu zer egina eta zertaz hausnartu beharra. Bestela, nork ordainduko du hainbeste funtzionario?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: