Destinua: Mikromundutik at

sarezabalean 1456152656460 sare zabalean | 2006-08-04 17:24

Merezi duen zerbait irakurri edo burura etorri eta zuekin konpartitzea nahi dudanean bakarrik idazten dut hemen. Baina egia esan, azkenaldian ez daukat merezi duen ezer. Azken hilabeteak mundutik at bizi izan naizenaren sentimendua daukat. Buruan gauza asko, baina niri, nire lankide eta gure bezeroei bakarrik axola zaizkigunak. Azken finean, informazio eta sentsazioak eremu mugatu batetik badatoz, gure sentipenak ere mugatuak dira, pertsona bera mugatzen da. Beste errealitate batzuk ezagutzeak mugak gainditzen laguntzen digu, norberaren mikromunduaren mugak. Irakurri, bidaiatu, telebista ikusi....telebista ikusi? Bai, telebista ikusteak ere beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera ematen digu. Munduan zehar dagoen “fauna” ezagutzeko aukera. Egia esan, gure etxean, telebistak lorontzien paper bera betetzen du, egon. Loreek behintzat apaindu egiten dute, gure telebistak, lekua lapurtu. Baina noizean behin “Gaur Egun” ikustea behintzat...agian mereziko du...edo ez...

Nire mikromundutik irtetzeko irrikitan nago. Irakurri, betiko lekuetatik irten...(telebistari beta handirik ez diot emango...). Ideia berri beharrean nago, nire mikromunduak ohizko ideiak besterik ez ditu katalogoan eta jadanik modaz pasatuta ere bada. Beraz, nire oporrak mundutik at izateko prestatuko ditut, nire mikromundutik at. Hori da nire helburua. Ezagututa, ez dut erraza izango, eta bidai agentzietako eskaintzetan ez dut destinu hori aurkitu. Komentatuko dizuet.


Utzi iruzkina: