Blog honen inguruko azalpena

queneau 1456152323169 Estilo Ariketak | 2006-02-16 07:54
1

Duela 20 urte, liburudenda batean sartu nintzen Bilbon. Liburu bat ikutu eta ikuskatu, gustatu, eta erosi nuen. Raymond Queneau-ren Estilo Ariketak ziren, Antonio Fernández Ferrerren gaztelaniazko itzulpen bikainean. Memoria gauza bitxia da gero, ze gogoan dut zer egin nuen ondoren: lagun batzuen pisura joan, Arangoiti auzora. Hango bizilagun batek komentatu zuen orduan: "Gaur liburudenda batean liburu zoragarria aurkitu dut". Eta erantzun nion neuk: "Neuk erosi dut jada". Asier Aranguren zen lagun hura, gaur egunean ETB1n kirolak asteburuan aurkezten dituena. Gabonetan, Tenerifeko hotel berean egin genuen topo, zelako emaztea eta alabak dituen, ilehori, jator eta ederrak. Beste kasualitate bat, eta anekdota ñimiño bat *post* hau hasteko. Halakoxea, interes eta zentzugabea da Queneauren ariketetako ipuin funsgabea... Baina 99 estilotan errepikatua, ederra eta barregarria da, nire liburu faboritoa.

1990eko hamarkadan, duela 10-15 urte artean, ametsa izan nuen: liburu hau euskaratuko dut! Lortu nituen frantsesezko originala, ingelesezko itzulpena (Barbara Wright da itzultzailea), eta italierazkoa ere (Umberto Ecok idatzia). Egin nituen saio batzuk, ariketa zenbait itzuli, eta... ahaztu nituen: Internetera dedikatu nintzen.

Orain, euskarazko itzulpen tajuzkoa agertu da, Xabier Olarrak idatzia, Igela argitaletxearen eskutik. Gogoratu naiz neure itzulpenekin eta, kostata, aurkitu ditut. Paperean, ez digitalki. Pixkanaka testu horiek pikatzea erabaki dut, eta blog probisional honetan itsatsiko ditut. Hemen geratuko dira nire itzulpen saio horiek, kontestuan jarrita beste bertsio batzuekin. Amaitzen dudanean transkribatze lana, ez da beste post-ik izango. Blogaren argitalpen kadentzia ez da zehatza edo ordenatua izango. Iluntze batzuetan familiari lapurtutako orduetan egingo ditut transkribaketak, eta halaxe kargatuko ditut post-ak.

Nire burua itzultzailetzat ez dut aurkeztu nahi. Frantsesetik gainera!! Baina, bueno, lan hura ez dut berriro galdu nahi paperetan. Googlek aurkituko ahal du nire lana eta bere zerbitzarietan gordeko betiko! Testu hauetan ez dut zuzenketarik sartuko. Paperetako transkribatu, ez ezer emendatu itzulpen berrien argitan.

Lan honen gainean kuriositate gehiago duenak, gaur du, otsailak 16, aukera bat Bilbon. Irakurketa-errepresentazioa Olarra itzultzailearekin eta errezitatzaileekin Likinianon 20.00etan. Informazio gehiago hemen.

Horra, Zaldi Eroak Olarra-Igelaren libururako egindako azalerako ilustrazioa.

Queneau, Exercises de Style
Bukatzeko, eskertza bat bakarrik: Jon Iñaki Lasari, Hizkuntza eta Literatura ikastaro batean Bergarako UNEDen izan nuen maisuari.

Julen

Julen 2006-02-20 09:14 #1

Nire ustez, hau da euskal blogosferako blog literario bakarra. Horri buruzko azalpena <a href="http://www.eibar.org/blogak/gabiria/229">hemen</a> eman dut.<br />
<br />
(Bide batez: blogak.com honetan trackback egiteko aukerarik ba dago? ez dut aurkitu horretarako bidea)<br />


Utzi iruzkina: