"Oroitzapen doinuak"

pungis 1456152313384 PUNGILARIAK | 2008-04-17 19:53

San Telmoak dira zumaiako jai preziatuenak, dudarik gabe. Aurtengoan, ordea, guztiz berezia izan da San pedro txiki abesbatza osatzen dugun partaideontzat. Hirugarren CDa aurkeztu baitugu. CDarekin batera, oraingoan, DVD bat ere salgai dago herriko hainbat puntutan. Zumaiako Baleike herri aldizkariaren web orrialdean honako kronika hau aurkitu dut kontzertuari buruzkoa. Benetan, hileak puntan jartzen dizkit! Ilusio handiz irakurtzen dira horrelako komentarioak! Hona hemen testua: san pedro txiki

San Pedro parrokia entzulez bete-bete egin eta Oroitzapen Doinuak  DVD-aren eta CD-aren aurkezpena arrakastatsua izan zen. San Pedro Txiki, Txikienak eta Gurasoen emanaldiak hasiera distiiratsua, era berean sentibera eman zien San Telmo jaiei. 18. urtez, Geni Dovalek eta Pili Aizpuruak zuzendutako haur eta gaztetxo abesbatzak punta-puntako egitaraua osatu zuten. Abeslariek behar bezalako erantzuna eman zuten eta herriko altxor dugun abesbatza entzunez San Pedro parrokira hurbildutakoek gozatu egin zuten.

Emanaldia San Pedro Txikik eta Guraso Taldeak abestutako lau pieza ederrekin hasi zen. Laurak organoan M.Teresa Ibarrak lagunduta. G.Aulestiaren Guztiz Ederra-ren doinuek entzule bat baino gehiagoren malkoak eragin zituen. Giro sentikor horretan Mozarten Ave Verum-ak ezin haustura ekarri; mailari eutsi eta gazte hauek borobildu egin zuten interpretazioa. Lekukoa Franck-en Panis Angelicus-ek hartu zuen. Pieza honetan Nagore Etxabek bateria jo zuen, abestiaren bertsioa modernizatuz baina ez horregatik kalitatea galduaz. Eta lehen zatiari amaiera emateko Verdiren Nabucco lehen aldiz euskeraz entzun zen. Ahaleginean Juanito Dorronsorok zerikusia izan du, eta ataundar-zumaiarrak prestatutako oinarrian San Pedro Txiki eta Guraso Taldeak era paregabean abestu. Estreinaldia zen eta benetan, harro egon daitezke abesbatzako kide guztiak emaitza gaindiezina izan baitzen.

Kontzertuaren bigarren zatian San Pedro Txikienak abesbatzako haurtxoek abestia jolas bihurtu edo jolasa abesteko erabiliz hiru kantu arin, bixi eta dibertigarri eskeini zituzten parrokian zeudenen gozamenerako. Hasierako malkoak irribar bilakatu ziren une honetan. Abesti hauetan abeslariek txistuan Aitor Olaziregiren eta beste intrumentoetan Josefina Azpeitiaren akademiako kideen lagutnza izan zuten.

San Pedro Txikiren txanda etorri zen ondoren, beste hiru kanturekin. Hirugarrenean mahonezko trajeari, betaurreko beltzak jarri eta Swing low, sweet chariot abesti espirituala borobilduz. Ordurako San Pedro Txiki eta Txikienak abesbatzak entzuleak erabat bereganatuta zituen, horrelakoetan zaila bada ere guztien arreta irabaziz. Garbi zegoen jendea gustora ari zela entzuten.

Bukatzeko Guraso taldearen laguntzarekin eta egun batean Koro honetako kide izan direnen esku hartzearekin Gaviotas habanera entzuteko parada izan genuen. Habanera batek eskatzen duen erritmoan goia jo zuen emanaldiak, Aita Donostiaren Jeiki,jeiki etxekuak parrokian ziren guztien bihotzak "jeiki-araziz".

Horrela emanaldiaren amaierara helduta, San Pedro Txiki abesbatzak Juanito Dorronsorori, Juan Karlos Irizarri eta honen emaztea den Itziar Aizpuruari oroigarria eman zien heuren laguntza eskertzeko.

Eta nola ez ohiturari eutsiz San Telmo martxa eta Agur Jaunak
bertaratutako guztien artean abestuz amaitu zen arratsalde handi bat.
Ordubete eskaseko iraupena izan zuen kontzertuak, askorentzat gutxitxo benetan korokoek eskeinitakoa ederra izan baitzen. Kontzertu bat arrakastatsua izan denaren adierazgarria izaten da, jendea gogoz gelditzen bada; hau da edertasuna, hauek dira ahotsak, harrobia ederki landuta dago, zenbat lan hona heltzeko... Horrelakoak entzun genituen bukaeran eta ez dugu uste inork gehiegizko ezer adierazi zuenik.

DVDa eta CDa salgai
Honen guztiaren ondoren esan daiteke Alaitz Osak, Idurre Lazkanoren laguntzarekin egindako DVDak, eta Cdak harrera oso ona izan zuela eta salmenta bizi-bizi hasi dela. 19 euroren truke nahi duenarentzat eskuragarri daude salmenta toki ezberdinetan: Arkupe okindegian, Pinturas Rubion, Coro Prieto edergintzan, Arruti gazte arropa dendan eta Turismo bulegoan.

San pedro Txiki abesbatzako edozein kideri esatea ere nahikoa da gaia bideratzeko. Urte gogorra izan da, lan asko egin behar izan da baina emaitza ikusita merezi zuelakoan gaude. Zumaiako udaletxeak ere hala pentsatuko duelakoan gaude, euren laguntza ere behar beharrezkoa izan baita; horrelako egitasmo bat burutzea udaletxearen laguntzarik gabe ezinezkoa da.

San Telmoak San Pedro Txikik dotore asko hasi zituen, baina San Pedro Txiki ez da amaitu hurrengo emanaldirako jada lanean dira.San Telmoetako emanaldia, DVD-a eta CD-a hain ondo aterata indarberritu eta beste marroi baten sartzekoak dira.
Testua irakurri ostean, web orrialdean dagoen erantzunen atalean, bideo honekin topo egin dut. Benetan kontzertu zoragarri batetaz gozatu nahi duenak ikus dezala bideoa!



Utzi iruzkina: