AHT: Zer dakigu?
AHT ez da ohiko trena. Trenaren itxura osoa du, baina hegazkinaren parekoa da distantziei, geldialdiei eta energia gastuei dagokionez. Izan ere, AHT, lurretik doan hegazkina dela esan dezakegu. Gainera, urrun dagoena gerturatu ordez, gertu dagona urrunduko du. Azkarrago burutuko dute, noski, Madrildik Parisako bidea, baina bidean zeharkatutako herriak eta eskualdeak txikitu eta beren bizi-modua eta bizi-kalitate larriki kaltetuko ditu, AHT-ak ez baitu aldiriko garraiorako balio. Hirietan bakarrik geldituko da eta, ondorioz, ez ditu eskualde barruko joan-etorriak (eguneroko tren erabiltzaileen %97) ahalbidetuko.
Abiadura handiko trenak inoiz ikusitako azpiegitura handiena eta garestiena da. Bere aurrekontua 6.000 milioi euro ingurukoa da, hots, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren 33 urterako aurrekontua. Noski, guztiok ordainduko dugu baina, aurreikusitako ibilbideak eta salneurriak aintzat harturik, gutxi batzuek erabili ahal izango dute. Aitzitik, diru kopuru horrekin, populazio osoarentzako kalitatezko garraio publikoa finantzatu eta beste behar sozial askori erantzun lekieke.
Bestalde, konponezinezko kaltea egingo dio Ama Lurrari. Barrera efektua, zarata ikaragarria (trenbidetik 250 metro-arteko tartean osasunarentzako kaltegarria), paisaiari eraso bortitza, lurren okupazioa, energia kontsumoaren biderkatzea (tren arruntak baino 6 bider gehiago kontsumitzen du), eta, garrantzitsuena, balio natural handiko ekosistemak guztiz kaltetuko dituela.
Gainera, AHT-k ez ditu egungo garraio arazo larriak konponduko. Gure errepideetatik 1.000 kamioi baino gehiago kenduko dituela esaten digute. Ez digute esaten, ordea, 11.000-tik gora direla egunero-egunero errepideetan dabiltzan kamioiak eta kopuru hori 16.000-ra helduko dela hiru urte barru.
Hau guztia gutxi bada, AHT-ren egitasmoa batere informazio gardentasunik gabe eta udalerrien zein herritarren interes, nahi eta borondatea aintzat hartu gabe jorratzen ari dira. gehiengo sozial eta sindikalak AHT gelditzeko eskatu du behin baino gehiagotan, baina administrazio ezberdinak entzungor egiten ari zaizkio.
Arrazoi guztiak ditugu: AHT gelditu!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: