Enarak

plazakoleihoa 1456152220071 plazako leihoa | 2008-06-25 22:56

Zuberoan, joan den mendean, espartinak edo  alpargatak egiteko fabriketara, batez ere, inguruko emakume gazteak joaten ziren lanera. Garai haietan, eta ez gara ari mendeko azken urteez, asko eta asko Nafarroatik eta Aragoitik abiatzen ziren, multzoka eta oinez. Horrela  udazkenean Zuberoara iritsi eta hurrengo udaberrira arte han gelditzen ziren. Eguraldi onarekin beren etxeetara bueltatzen ziren baserri lanean aritzeko. Zuberotarrek halako emakumeei izena eman zieten: enarak.

Larunbat iluntzean, bizpahiru ziento lagun bildu ziren Zubietako frontoian. Ekuadorreko  herri batekoak ziren: Otavalokoak.  San Juan festa ospatu nahi izan zuten beren ohituren arabera: koadrilan dantza egin  erritmoari jarraituz. Urruti daude haien herritik, sobera maite ez dituen Europa honetan.

Ez ginen luze egon begira. Haiek ondo pasatzeko egiten zuten dantza, ez begira geundenentzako: ez dute Informacion y turismo bulegorik.  Eta gu, begira, aspertu.  Bizpahiru ziento enara.

Badira enara gehiago Zubietako bazterrotan, turismo ez bestelako arrazoiengatik bere etxetik urrun daudenak: piperrak biltzen, etxeak garbitzen,  gure helduei laguntzen... Tarteka berri pozgarriak ere bai: neguak eraman zuena -Olatz Altuna- udak, berandu bada ere, ekarri duelako. Zuberoan garbi dute: Oriko txoria, Orira.




Utzi iruzkina: