Versus-Copula (II)

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2018-08-31 17:46

BERRIA, 2018ko otsailak 4
Andoni Egaña
 
Santa Ageda bezpera. Santaeskeko eguna, atariz atari kopla kantari ibiltzekoa. Santa Ageda nor izan zen berritzea bezain interesgarria iruditu zait kopla hitzari segika hastea. Latinezko copula-tik dator eta co-k elkar adierazten du, eta apere-k, berriz, lotu. Elkar lotzea litzateke beraz kopla bat osatzea. Eta esanguratsua da, izan ere, gure koplarik zaharrenek goiko izarrak, errekaldeko lizarrak eta etxeko nagusi jaunaren urre gorrizko bizarrak lotura logikorik eza baitute ezaugarri. Askotan pentsatu izan dugu egungo bertsolariok kopla zaharren izaerari iruzur egiten ari garela kopla bertso erdi soiltzat hartzean, bertsoaren logika berdinaz lotzean kopla... Akaso naturarengandik urrundu izanaren beste ondorio bat baino ez da.

Erro beretik abiaturik Frantzian couple deitzen hasi ziren bikoteari. Hortik sortu zen couplet hitza musika arin mota bat izendatzeko eta gaztelerak hartu zuen cuplé azkenik.

Kupletistak kantari emakumezkoak ziren, arropaz soildurik eta mihiz zorroztuta errebista izeneko ikuskizunetan parte hartzen zutenak. Esan egingo zituzten, baina bai entzun ere! Gure errebista Arantzazukoa zen, eta emakume koplariek duela gutxira arte etxean geratu behar izan dute.


Utzi iruzkina: