Versus-Copula (I)

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2018-08-31 17:38

BERRIA, 2018ko otsailak 3
Andoni Egaña
 
Nondik gatozen jakin nahi izateak ez omen dakar kalterik. Egun, zail da horrelakorik sumatzen, baina ikusiko zenuten noizbait, dokumentaletan bada ere, idi-parea goldeari tiraka. Soroaren alde batean abiatu dira eta besterainokoa egin dute. Zarratada bat egin diote lurrari, lerro bat, erreten bat. Buelta hartu eta abiapunturantz joko dute gero, eta handik berriz ekingo diote.

Bertso hitza latinezko versus-etik dator, begi bistakoa denez. Latinez, versus horrek gauza bat baino gehiago esan nahi du, baina gaurkoari dagokion adieran itzuli esan nahiko luke. Horixe da versus-a: goldeak eginiko lerro bat, amaierara iristean atzera lehengora itzultzen dena. Horregatik (ere) kosta izan zaigu hainbeste erdaldunei bertsoa zer den azaltzen. Haiek lerro bakoitzari deitzen diote verso; guk, ahapaldi osoa izendatzeko erabiltzen dugu bertso.

Min ematen digu, toki eta egoera batzuetan handiagoa, hanka-motz bat egiteak. Silaba baten faltan lerroa amaitzea da idi-parea soroaren bukaeraraino iristeko indarge geratzearen pareko. Hanka-luzea egitean berriz, silaba bat gehiago, idi-parea sorotik kanpora doakizu, basoan barna, eguzkia gordetzen ari den lekurantz... itzainaren aginduei jaramonik egin gabe.


Utzi iruzkina: