TRISTES
Aurelia Arkotxa, BERRIA, 2008-XII-26
Itsas Beltzeko kosta. 9garren urtea. Bidaia luzearen ondotik Ovidio «lurraren muturrera» ailegatu berria da: Tomis-era (a terra terra remota mea). Augustok inperioaren azken fronteretara herbestua du. Han hilen da. Baina nik aipatzen dudan momentu honetan, Tristes liburua bukatu berria du. Ez daki hemen hilen dela. Uste du berriz itzuliko dela Erromara, emaztea besarkatuko duela, eta gelditzen zaizkion adiskide gutiak. Tristes bidean hasi zuen, Ioniako itsasoan, uhain oldartuek ontzia kurrinkarazten zutelarik, aurpegia bustitzen: «Oh, zorigaitzeko ni! Zenbat ur-mendi inguruan! Iduri luke zeruko izarrak behar dituztela hunkitu! Nolako errekak (ibarrak) zilatzen diren, itsasoa arrailtzen delarik!». Tomis-en, papiro orritan idatzi testuak prest ditu. Elkarri lotuko ditu volumen zabal bat eginez. Ondotik, guk mapa handiekin edo afixekin egiten dugun gisan, bilduko du liburu osoa, eta igorriko hain urrun den Vrbe-ra : Erromara. Hitzaurrean, Tristes liburuari gomendio batzuk, herbesteko liburua dela gogoraraziz, zorion gabekoa: «...Ez duk ene malurra ahantzi behar... Hoa, liburu enea, agur itzak hain maite ditudan lekuak... Norbaitek han, jendeen artean, ene berririk nahi badik jakin, erraiok bizi naizela... Baina ez hadi mintza gehiegi ... Zerbait gehiago jakin nahi badu, aski dik ene idazkien irakurtzea... Poesia arima barean duk sortzen: ordea, zorigaitzek bapatean ilundu die ene bizia Poesiak eskatzen dik eskribitzeko bakardadea eta baretasuna: ni, itsasoaren nauk menpe, eta haizeen eta negu krudelaren... Longa uia est -bidea luzea duk, propera!- higi hadi!».
Iruzkinak
Utzi iruzkina: