PHEDRE

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2009-05-22 18:33

Itxaro Borda, BERRIA, 2009-05-16

Heletako Itsasoa kafe-antzokiaz eta Isturitzeko harpeetako bilgune naturalaz bestelako ausa-lekurik ez dudala erranen duzue, arrazoiekin. Euskal Kultura Erakundeak urteko euskarazko diktaketa antolatzen duen egun honetan -ortografiaren jainko bekaitzen begietan bekatu hutsean erraz aurkituko gaituzte gure hizkuntzan berean- arratsaldeko seiak aldera Corinne Lallemand adiskideak Yannis Ritsosen Phedre olerki luze biribilketaria irakurriko du Otsozelaiko ilunpean.

Greziar antzerkigintzako pertsonaia distiratsuenetarik bat da Phedra, hain gogoko ditudan Elektra, Medea eta Antigonarekin batera. Amodioa, gorrotoa, gezurra, manipulazioa, heriotza haragitzen dituen figura femeninoak erraiak inarrosten dizkigu, dudak hantzen, borondate arrazional eta moralaz haratago, abjekziotik guhauren barne-mamu aitorgabeen onarpenera bultzatzen gaituela hitzetik hiltzera. Delphes inguratzen duten mendien izena da Phedra, argitsuak alegia, goizetan ekia jazartzen denean gailur mineralak urrez apaintzen direlako.

Ederra da Phedra edozein mintzairatan, moldeetan, Euripide edo Racinen lumapean, bereziki adibidez, Dominique Blanc-en trakako izar umilak gorputza eskaintzen dionean.


Utzi iruzkina: