NAUFRAGIOA

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2014-07-13 19:08

 

BERRIA, 2014-07-10 / Angel Erro

Hau idazten dudan egunaren bezperan, gauez, Iruñean milaka gazte, eta ni tartean, gugandik kanpo gertatzen ari zenaz ezjakinean ginen bitartean, Gazan Israelek eraso bortitz bat abian jarri zuen, 160 eraso, 24 orduz gutxienez 22-25 hildako, 22-25 pertsona hil, eragin dituenak (zifrak ez datoz bat), eskualdea —horretan bai datoz bat gehienak— infernu bilakatu dutenak. Nire ez enteratze honetaz lotsatuta nago orain. Baina munduan, hurbil eta urrun, asko dira Gazan gertatzen ari denaz enteratu nahi ez dutenak eta horretan lan —are intelektual ere- ikaragarria egin behar dute agerikoa bortxatzeko: «Israelek erantzuten dio Hamasen…», irakurtzen hasi naiz goiburu batean.

23 hildakoen zerrenda bat ikusi dut, izen-abizenak eta adina. Harritu nau gehienak hain gazteak izateak; asko, adingabeak. Harritu nau eta ez nau harritu. Gerretara gazteak joan ohi dira. Baina Gazan erasoriko gehien-gehienak zibilak dira. Argi dago Palestinan adinaren batez bestekoa ez dela sobera altua izanen.

Plutarkok esana da gazte bat hiltzea hondoratze bat dela, naufragio bat. Zahar jendeak, berriz, hiltzean portua hartzen dute. Gazan Israelek hil dituen gazteak gu guztion urperatzea da, enteratu nahi ala ez.


Utzi iruzkina: