Itzulpenek desitxuratua berreskuratzen

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2018-08-31 17:12

BERRIA, 2017ko abenduak 17
Estibalitz Ezkerra
 
Homeroren 'Odisea' ingelesera itzultzen lehen emakumea izan da Emily Wilson; Peneloperen izaeraz bestelako ñabardurak atera ditu argira.
 
Penelope, Domenico Beccafumiren izen bereko margolanean.
Penelope, Domenico Beccafumiren izen bereko margolanean. BERRIA
Homeroren bi lan epikoetan, Iliada-n eta Odisea-n alegia, gerlari bat nabarmendu egiten da gainerakoen artean. Iliada-ren kasuan (Salbador Barandiaranek 1956an itzulia: Ilias'ena), Akiles erdi jainko ia hilezkorra da gerlari hori. Greziako gerlarietan handiena partaide duen gerra hori Helenaren bahiketak pizten badu ere, gizonen eta gizonei buruzko lana da Iliada: Akiles da heroia; Zeus da gehien nabarmentzen den jainkoa, eta maitasunaren, gerraren eta adiskidetasunaren izenean gizonek egiten duten eta egiteko prest dauden hori da ardatz nagusia. Odisea-n (Aita Onaindiak euskarara ekarria 1985ean), berriz, Odiseo da heroi nagusia, baina hura ez da bosgarren liburura arte agertzen —poemak hogeita lau liburu ditu guztira—. Hasi, Odiseoren emazte Peneloperekin hasten da lana. Odiseo gerrara abiatu zenez geroztik, hogei urte igaro ditu Itakako jauregian bildutako ezkongaien proposamenak jasaten. Abegikortasun kodeak gorabehera, eta emakume den aldetik, ezin ditu uxatu, nahiz eta asmoak eta manerak egokiak ez diren: Odiseoren tokia bete nahi dute erreinuan, ezkontza bidez. Odiseo agertzen denean, irakurleari jakinarazten zaio zazpi urtez Kalipso jainkoarekin bizi izan dela irla batean. Hori baino lehenago, Zirtze jainkoak gatibu eduki zuen; itsasoan zela, uhandreek limurtu nahi izan zuten, eta, bidean nonbait, printzesa gazte bat berarekin maitemindu zen. Hots, bidaian topo egindako emakume oro Odiseo seduzitzen saiatzen da, eta, jakina, heroiak, Penelopek ez bezala, amore eman behar izaten du.

Odisea greziera klasikotik ingelesera itzultzen ari zela, behin eta berriro galdetu zioten Emily Wilsoni Peneloperen gainean zer iritzi zuen. Itzulpena kalean da orain, eta gaiaren inguruko interesa ez da apaldu. Wilsonen generoak testuaren itzulpenari begira zer eragin izan duen jakin nahi dute komunikabideek. Literatura klasikoko unibertsitate irakasle eta itzultzaileak ez du irainik ikusten horretan, nahiz eta gizonezko itzultzaileei ez lieketen sekula halako galderarik egingo. Azken batean, gizonezkoek dute monopolioa literatura klasikoaren itzulpenari begira; haien itzulpenek ezarri dute klasikoak grezieran ez beste hizkuntzetan ulertzeko zero gradua. Odisea-ren ingelesezko itzulpenei begira, 1615ean George Chapmanek egin zuen lehen itzulpenetik hona beste hirurogei bat eman dituzte argitara —haietatik erdiak azken ehun urteetan, eta hamabi bat-edo azken bi hamarkadetan—. Den-denak gizonek egindakoak dira, salbu eta azkena, Emily Wilsonena. Espero, beraz, espero zuen galdera.

Bigarren mugimenduko feministen garaitik hona, irakurle askok emakume burujabearen idealtzat hartu dute Penelope, eta bere egin dute Robert Faglesen itzulpen goraipatuak (1996) indarturiko ideia: Odiseoren eta haren ezkontza berdintasunezkoa dela. Hala ere, Odiseo da etxearen eta haren barruan den guztiaren jabe; ohea bera «haren ohea» dela agertzen da, inoiz ez senar-emazteena. Era berean, biak ala biak adimen zorrotzekoak direla esaten zaigun arren, Odiseoren adimena polymekanos da —edozein arazoren aurrean konponbidea bilatzeko gai den adimena—, eta Peneloperena periphron da: arretatsua eta arriskua saihesteko gai, hots, gatazkarekin baino gehiago status quo-a mantentzearekin lotuta dagoen adimena.

Women and Power manifestuan (2017, Emakumeak eta boterea) Mary Beardek erakusten duenez, Odisea-n dago Mendebaldeko literaturaren barruan gizonezko batek emakume bati isiltzeko agindu izanari egindako lehen aipamena: lehen liburuan, Telemakok hala esaten dio amari, hark jauregian jendaurrean ari den poetari beste zer edo zer abesteko eskatzen dionean.

Penelope ez da biktima bakarrik, ordea; pribilegiozko bere egoera dela eta, maila apalagoko emakumeen jazarpenaren lekuko eta parte hartzaile ere bada. Wilsonek Odisea-ko pasarte jakin bat aipatzen du, bere ustez ikaragarrienetako bat. Kanpoan igarotako denboran jauregia hankaz gora jarri dioten ezkongaiak akabatu ostean, emakumeekin beste horrenbeste egiteko agintzen dio Telemako semeari. Wilsonek azaltzen duenez, jauregiko emakumeak ez dira askeak, esklabo baizik; ez dute, Penelopek bezala, ezkongaiei uko egiteko botererik.

Bere itzulpenean aldaketa txiki baina esanguratsuak egin dituela dio Wilsonek, aurreko itzulpenek desitxuraturikoa azaleratu ahal izateko. Ez du testua feminizatu, jatorrizko poeman dagoena berreskuratu baizik. Aipatu neskameen pasartea jartzen du adibide gisa. Faglesen itzulpenean «puta» eta «emagaldu» deitzen die Telemakok ezkongaiekin oheraturiko emakume horiei. Richmond Lattimorek, berriz, «kreatura» hitza erabiltzen du 1965eko bere itzulpenean. Jatorrizko testuan, baina, «hai» artikulu femeninoa erabiltzen du Telemakok —Wilsonek «neska horiek» erabili du bere itzulpenean—.

Odisea ez da testu feminista; aitzitik, emakumeen botereari gizonezkoek dioten beldurra azaltzen du, eta, alde horretatik, gizarte egitura androzentrikoek emakumeei —baita gizonei ere— egiten dien kaltearen adibide da. Hala ere, Faglesen moduko esku hartzeek, irakurlea engainatu ez ezik, «agenda misogino bat» ezartzen dutela uste du Wilsonek, itzultzaileak erabakitzen baitu emakumeak nola definitu behar diren, testuak berak halako definiziorik ematen ez duenean.
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 


Utzi iruzkina: