GUTUNAK ERBESTEAREN BIHOTZETIK

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2008-06-16 13:21

Aurten beteko dira bi mila urte Ovidiok dekretuz Erroma utzi eta Inperioaren beste muturrera aldatu behar izan zuenetik, besteak beste, bere maitasun lanek Augustoren moralaren kontra egiten zutelako.

                                              Angel Erro, BERRIA, 2008-VI-15

Bob Dylanek, azken diskoko Ain't Talkin' abestian, atsekabearen paisaia marrazteko, «every nook and cranny has its tears» kantatzen du. Irudiak bi mila urte atzera eramaten gaitu: etxea eta emaztea utzi eta erbestera abiatu behar izan zuen eguna gogoratzean hitz horiexek erabili zituen Ovidiok, Tristia bildumako poema hunkigarri batean: Domo lacrimas angulus omnis habet (Etxeko bazter guztiek daukate beren negarra).

Kolpe handia hartu zuen, egun batetik bestera Augustoren dekretua iritsi zitzaionean Erroma berehala uzteko aginduta. Itsaso Beltzaren ondoko hiri batera edo, Dylanek berriz ere Ovidioren hitzekin dioenez, «in the last outback at the world's end», lurraren muturrera, munduko azkenera errelegatzen zitzaion (relegatio-a erbesteratze modu arina zen, ez zitzaiolako ondasunez desjabetzen). Zergatia ez du poetak argi adierazten, carmen et error, poema eta oker bat baino ez ditu aipatzen. Okerra ez dakigu zein izan zitekeen; indiskrezio politiko edo erotikoren bat. Poema zein zen, berriz, ez da dudarik Augustok ezarri nahi zuen moral tradizionalaren kontrako Ars amandi (Maitabidea) izan zela. Hala ere, hogei bat urte lehenago idatzia zen, baina poetari eman zion itzala ez zen desagertua; Augustok alaba bera ere adulterioagatik erbesteratu zuelarik, sinetsita omen zegoen Ovidiorena bezalako obrek zutela horretan parte.

Sexuak izaera iraultzailerik?

Hogeita bostekin enfant terrible ospea eskuratu zuen, arrakasta berehalakoa lorturiko Amores (Maitasunak) poema bildumarekin. Katulo, Tibulo eta Propertzio bezalakoek ere lehenago landutako elegia generoan sartzen dira amodioaren alderdi guztiak (konkista, sexua, gizonezkoen zein emakumezkoen masturbazioa barne, abortua, tratu txarrak, jelosia, desleialtasuna) jorratzen eta adibide gisa jartzen dituzten poema hauek, gaurko irakurleak oso gertuko sentitzen dituenak, batez ere hiri bizitzan hasi eta garatzen den erotismo mota bat aurkezten digulako. Hiri handiak ematen duen aukerak eta harreman sozial berriak (urbanitas-ek) pisu handia dute. Poetak gizonei, ironiaz, eskatzen die bertutetsuak izateko eta, ondorioz, emakumeen traizioak onartzeko, erromatar kulturaren balio sistemak irauliz. Sexua, beraz, jolasteko, plazera izateko da, eta ugaltzea ez da helburu, hortaz, ez dago zertan matrimonio barruan izan. Ovidioren poesiari unean uneko bizipoza dario.

Jarrera horrek hautu literarioetan ere islatzen da. Virgilio modukoen epikaren gorentasunaren aurrean, Ovidiok (literatur eta bizitzazko) balio sistema horren iraungitzea salatzen zuen, elegian irudiztatzen zituen ideal propioak (hedonistagoak) aldarrikatuz. Dikotomia honetatik elegiak garaitzen du, orainari, bizitzari eta gaztetasunari loturik; epika, bitartean, iraganari, heriotzari eta zahartzaroari lotua zegoen, eta, ondorioz, Ovidioren ustetan, ez da «eraginkorra». Ez zuen gobernuak hala uste, Erromako iragan alegiazko batean (Eneasen lorian eta artzain bukolikoen moral aratzean) Inperioaren proiektu politikoa (Augustorena) oinarritu nahi zuelarik.

Hala ere, benetako arriskua ez zetzan Amores moduko poema bilduma sasi biografikoan, baizik eta Ovidioren poesiaren indar subertsiboa olerkigintzatik atera zenekoan.

Genero hibridoak

Seneka zaharrak ohartarazten digu Ovidiok jarrera zuela gaiak ematen zizkion aukera guztiak ustiatzeko, «ez zen gai burutazio edo ateraldi bat galtzeko, bere diskurtso poetikoan nolabait egokitzen ahal bazuen; ez zitzaion adimenik falta, erabakitasuna baizik, bertsoetan naroaz zuenari galga jartzeko». Poesiari ekitean, halaxe baldin bazen, ikuspegi eta une guztiak agertu nahirik (emazteari neskamearekin oheratu ez dela zin egiten dio, eta hurrengo poeman neskameari galdetu bien artekoa ea zeinek salatu ote duen), berdintsu jokatzen du proiektu literarioari dagokionez, eta bi arloek idazle latindarren artean originaltasun handikoena bilakatzen dute.

Elegiak, maitasun poema singleak, egiteak askietsi ez, eta berehala bestelako egitasmotan murgildu zen. Heroidak (Heroinen gutunak) liburuarekin, berberak idatzi zuenez, «era eta bide berriak asmatu ditut orain arte ezezagunak eta ibiligabeak»: elegien gai maitasunezkoa epistola generoarekin nahasten du, hainbat heroi mitikoren emazteei senarrentzako gutun sorta idatzarazita. Ars amandi (Maita bidea) liburuan, berriz, Amores-etako ni poetikoaren esperientziek saiakeraren itxura hartzen zuten, eta horrek, denboraz, zorigaitza ekarriko lioke, genero didaktikoaren egiazkotasuna desakralizatu izateagatik.

Gaia, funtsa, berbera da, aholku moduan orain. Ikus dezagun zer aholkatzen dien emakumeei (Ibiñagabeitiaren itzulpen gaurkotuan): «Maitaria, berak bilatu sareetan erortzen denean, hire ohekide bakar delakoan bego. Geroxeago ohe atseginak besteren batekin aldizkatzen ez ote dituzun suma beza. Amarru horiek gabe maitasuna higatuko litzateke». Edo, beste nonbait, zer gizonezkoei: «Nik maita pozak eragin mintzoak entzun nahi ditut, 'astiroago habil, ez oraindio ixur' esaka. Andre liluraturen begi garaituak ikusi nahi ditut, eta gero emakumea abailduta, akituta, luzaroan inork ukitzerik ere nahi ez duela. Ondasun horiek, ordea, ez ditu Naturak gazteen artean ereiten: hogeita hamabost urte bete ordukoxe iritsi ohi dira. (...) Sinets nazak, ez duk atsegina gutitu behar lasterka ibiliaz: habil pitinka, astiro, luzarotuz. Lotsak ez dik eragotzi behar andreari atsegin zaizkion aipatu guneak eskukatzea. (...) Ez, halere, hire ontzi oihalak gehiegi puztuz andrea atzean utzi; edota emaztekiari hi baino lasterrago ibiltzen utzi. Batera mugaratu zaitezte: horra atsegin betea, gizon eta emakumea bi-biak erabat garaiturik datzatenean».

Metamorfosiak

Maitasunaren angelu guztiak higatu ondoren, Augustok bultzatutako puritanismo garaiari egokitzen ahalegindu zen. Berrogei urte bete berriak zituen Ovidiok, Metamorfosiak idazteari ekin zionean. Lan honekin nolabaiteko amore ematen zion epikari eginiko ukazioari, baina ez erabatekoa. Proiektu honen ezaugarri nagusia Ovidioren dena-besarkatu-nahia litzateke, ezinago handizalea baita: genero guztietatik edaten du eta historia guztia kontatzea du helburu, carmen perpetuum bat egitea, munduaren sorkuntzatik gaur egunera arte, eta hori guztia giza eraldaketen leit-motiv-a hartuta. Gizakia, aurreko obretan bezala, da gai printzipala, dena mugiarazten duena, eta gorputzez gorputz, itxuratik itxurara, gizakiaren ahuldadeak eta kemenak, noiz ironiaz, noiz hunkiturik kontatzen ditu mitologiaren errepasoa (edo besteren batek esan duenez paganismoaren biblia) den honek. Nahita ala nahigabe, Virgilioren Eneidaren antitesia da.

Itsaso Beltzeko triste uneak

Augustok eskatu epikan saiatzea ez zen eragozpenik izan K. o. 8. urtean Ovidio erbestera igortzen zuen dekretua irits zedin. Agindu zitzaion tokira oraindik heldu gabe (eguraldia dela kausa, urte erdia eman zuen bidaian), portu batetik gutun sorta bat bidali zuen, Tristia-ko lehen liburua osatzen dutenak. Bertan, olerkigintzaren oholari eutsita, poesia bidez notiziaren ezustea, Erroman pasatutako azken uneak, itsas bidaiaren gogorra aletzen dizkigu. Tomis erbeste tokitik ere idazten jarraituko du urteetan, laguntza eske, bizkarra eman dioten lagunen jarrera deitoratuz, emaztea adoretuz, bere burua ere errugabe aldarrikatuz eta, batez ere, Zesarren barkamena zeharka eskatuz.

Azken honek ez du batere lagundu Erromantikoek hasitako Ovidioren, eta erbesteko bere poemen, berreskurapenean. Ezin zitzaion aho batez Antzinateko poète maudit izendatu. Ovidio ez zitzaion botereari oldartu, eta agintearen barkamena erdiesteko ez zuen hitzik aurreztu. Ez dugu ahaztu behar Ovidioren subertsioa literaturaren bidezkoa baino ez dela; ez politikan ez literaturan, ez du ezarritakoa deuseztatzea xede, haren inguruan askatasun pertsonala muturrera eramatea baizik.

Urteetan, mendeetan, Itsaso Beltzetiko obra hauek (Tristia eta Epistulae ex Ponto) munta gutxiagokotzat hartu izan dira. Arrazoi askorengatik. Guk Ovidioren gaineko aurreiritzi horiek (beste potoloago batzuekin batera) jaso ditugu betean, baina azkar sumatzen da kontra erabilitako argudiok aldekoak senti ditzakeela gaur egungo irakurleak. Lehenengo eta behin, estilo zaindu gabea. Ovidiok berak aitortzen du ez duela bertsotako gogoa, eta bere burua behartuz eta denbora entrenitzeko baino ez duela idazten, maiz berriz irakurri eta sutara botatzen dituela poemak, eta latina ere ahazten hasi zaiola (etxean bakarka bere buruari ozenki hitz egiten omen diola antzinako berbak gogoan hartzeko). Erretorika falta ez badu ere, egia da zuzenki, bihotzetik bihotzera egiten duela Ovidiok, bizipen pertsonalen inguruko zintzotasunetik, eta hori ikusezinago gerta litzaiguke poetak ez balu eskua askatu, bere minaren produktu gordina eskaintzearren.

Damuak damu, ez zen Erromara bihurtu. Gutunetik ondoriozta dezakegu, depresio uneak igaro ostean, etsia ere hartu zuela (batez ere Augusto hil zenetik) eta Tomisera egokituz zihoala (bertako hizkuntzan olerki bat, galdu dena, osatzera iritsi zen). Eta gutun askotan gaztetako poema lizunak gaitzetsi arren, bere buruari idatzi zioen epitafioan, egiaren une horretan, maitasun lanak ditu buruan. Holaxe dio, Ovidiok nahi bezala, Errumaniako Konstantza (lehenagoko Tomis) hirian jaso zitzaizkion estatuak eta hilarriak: «Hemen natza ni, maitasun eztien kantore, / Naso poeta, nire zorroztasunagatik zendua. / Zuri, hemendik paseatzen zaren horri, inoiz maitemindua egon bazinen, / ez dakizula neketsu esatea: Nasoren hezurrek izan dezatela bake».



Utzi iruzkina: