Arnasa, nahia eta izerdia
Bion larruak urratzeko gogoz jeiki naiz
umekeri denak alde batera utziz, jateko gogoa, basatasuna piztu dut
ezeren jabe enaizenez, txikizioan dut ihesbidea;
hondora eraman gabe, ezjakintasun eta ahaztearen goxotasuna eman nahi dizkizut
Noizbait beste azalik sentitu baduzu, ez zen horrelakoa izango
mehetu egin dut, higatu; denak zentzua izan dezan, ager nadin
Nire helburua ez da gozatzea, ezta biotako inork atseginik sentitzea
Ez dizut sexua eskaintzen; arnasa, nahia eta izerdia baizik:
gogoa, aseezintasuna eta bortizkeria begietara begiratzen zaitudan bitartean
Erakutsi nahi dizut, mundu hontan ez zarela bakarra; nahi denak ez direla zure barruan jaio; zarena ahaztu, berriz hasi
Esan ez dezakedan guzti hori sentitzea nahi dut, uzkurtzen zaren bitartean; bidea galdu eta jasateko:
Lotsa, amorrua... ilunean gelditzen diren horiek denak; bateratuak
Neroni nor naizen jakitea, esaten ez dizudana barneratzea
Edan ezazu gaur nigandik, egin hozka, dastatu... eta sufritu
Eskuek min egin arte ere estutuko zaituzte, barrenak ateratzeko
eta jakiteko: nire bihotza - osoa - zurekin nahi duzun, nahasten garen bitartean; garraxiak sortzen diren lekuan
Iruzkinak
Utzi iruzkina: