Zein(ak) baitira
Zer jan, hura izan esapidea zabal-zabal dabilkigu garai makrobiotikootan. Testugileak erantsiko luke: Zer irakurri, hura hazkurri. Eta egia handia da hori ere.
E-book bat izan dut opari Gabonetan; lotsa naiz halakoak aitortzeaz, aski maiseatu baititut lankideak neure nagusitasun teknologiko iritsi berriarekin (i-podik ez duen bakar honen ordaina). Hala ere, aukera bikaina izan da klasikoetako testuak tinta-itxurako pantailan sartzeko eta noranahi eramateko.
Hasia naiz ondorioak igartzen, barren, eguneroko lanean. Hara zer aurkitu dudan zuzentzen ari naizen itzulpenean:
Kanpoko munduaz dugun oinarrizko ezagutza bost zentzumenen bidez datorkigu: ikusmena, entzumena, ukimena, usaimena eta dastamena.
Our basic konwledge of the external world comes through the five senses: sight, hearing, touch, smell, and taste.Makinatxo bat eztabaida eginda nago aposizioetako komunztaduraz. Askoren iritzian haizu dira halakoak. Niri, ordea, iruditzen zait aposizioak, ahal dela, erreferentziaren ondotxoan behar lukeela, edo, bestela, kasu-markak erantsi behar liratekeela (ezin izaten da beti, hala ere).
Orduan, beste aukera bat etorri zait burura, eta horretan zerikusi handia izan du egunotan Gero berrirakurtzen aritzeak (Italo Calvinok esaten zuen klasikoak beti berrirakurtzen ari omen garen liburuak direla, eta ez irakurtzen ari garenak). Durundi halako bat entzun dut: zeinak baitira.
Oniritzi bila corpusera jo dut, eta adibide elemenia begietaratu zait:
Irakazten deraukute badela Eliza bat, emaiten derauskigute haren ezagutzeko bideak eta seinaleak, erraiten dutela, bat dela, saindua dela, eta munduko kantoin guzietan barraiatua dela: eta gero emaiten deraukute bereziki aditzera hartan lau ontasun beregaineko edireiten direla, zeinak baitira Sainduen partaletasuna, bekatuen barkamendua, haragiaren pitstea, eta sekulako bizitzea. (Pouvreau, Philotea)Molde bertsukoak dira egitura guztiak, egoki-egokiak gure testua onbideratzeko. Hurrena, Axularrek aienatu dizkit zalantza guztiak:
Eta tronutik ilkhitzen ziren simistak, eta garrasiak, eta ortziriak; eta tronuaren aitzinean baziren zazpi argi biztuak, zeinak baitira Jainkoaren zazpi izpirituak. (Duvoisin, Jaun done Joani apostoluaren Apokalipza)
Lege hau segitu du gure Eskuarak, zeina hanbat mendez mantenatu eta mantenatzen baita, bere indar propialez entsejatzen delarikan: egundaino izan eztuelarikan gramatikkako, eta zientzietako laguntzarik, beure zuhurtzia, eta antzea baliatu zaizko, munduko bi etsairik borthitzenen kontra, zeinak baitira denbora eta indarra, zeren denborak gauza guztiak sentitugabe emeki emeki, eta eztiro baitaramatza, eta azkenean ezjeusetara ekhartzen baititu.(Etxeberri Sarakoa, Eskuararen hatsapenak)
Bada, zogeriak dirade haragiaren obrak, zein baitirade, adulterioa, paillardiza, satsutasuna, insolentia, Idolatria, pozoinkeria, etsaigoak, bekaizteriak, aserretasunak, liskarrak, dibisioneak, heresiak, inbidiak, giza-erhaitekak, hordikeriak, gormandizak, eta hauk irudiak, gauza hauk aitzinetik erraiten drauzkizuet, lehen ere erran dudan bezala: ezen halako gauzak egiten dituztenek Iainkoaren resuma heretaturen eztutela. (Joanes Leizarraga, Testament berria)
Nork ere nahi baitu bere buruaz kontu onik eman, behar ditu borz zensuak (zein baitira, ikhustea, dastatzea, enzutea, usnatzea, eta ukitzea) guardiatu eta begiratu. (Axular, Gero)Modernitate hauek badute onik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: