Urregorrizko zutabeak
Egunkaria irakurtzeko hamaikatxo era badira; esaterako, amaieratik has eta hasieran buka, kiroletara hainbat arinen heltzeko; arauzko eran, azaletik hasita...
Nik, azkenaldian, Itxaro Bordaren xokora jotzen dut artez, ezker-eskuin begiratu gabe. Idazle ezaguna dugu Oragarreko alaba Baionan jaioa, baina zutabegintzan ere egina du bere ekarria. Inork gutxik moldatzen, plegatzen, zukutzen du hizkuntza hain maisukiro. Hari irakurria diogu amerri hitz durduzagarria, aberriren lekuan. Ahoan legarrik ez duten horietakoa da. Izan ere, zeinek brida honelako kapitelak zizelkatzen dituen lagun bat:
Arratsapaleko beroak erretzen ditu larruak. Mintzaira zahar zokoratuaren aldeko outing distiratsuak hondarrean on dagigula sentitzen dugu. Zuberoako arbelezko hegatsak ekiz horditzen dira eta desertua usainez hantzen doa. Herriak banaka trabeskatzen ditugu gauez, gauez, gauez: Maule, Oxkaxe, Garazi, Baigorri, Ortzaize, Luhuso, Kanbo, Uztaritze, Senpere, Azkaine, Sara. ("Ongi etorri", 2009-03-29)"Zer hizkuntza deabru da hori?", pentsatuko du baten batek. Hiltamu den mintzaira darabilela diosku Itxarok, lapurtar-nafartar koinea (Euskalduna agerkariak Arantzazuko biltzarra izan baino mende erdi luze lehenago mamituriko batua), baina ironiaz dio, itxuraz etsirik baina benaz oldarturik.
Betidanik entzun dugu zergen bidez estatuek aberastasunaren banaketa soziala zegitela. Baina Frantzian dagoeneko ez da horrela, zergak herritar kategoria baten lana, ekimena, lorpena eta hoberentasuna —elearen barbaritatea— saritzeko ontzen direla deiadartzen duelako Sarkozyk. Ez omen da huts egiten dutenen presidentea, rolexak ukaraietan erreusitzen dutenena baino [rolexak eskuturretan irabazten dutenena baino]. ("Zergaren etikaz", 2009-03-31)
Estilista bikaina da enetzat, gure artean onenetako bat, ezbairik gabe. Zinez eskertuko nuke baten bat deliberatuko balitz Berriako zutabe horiek, hautenak, bildu eta liburu-tankeran plazara ematera.
Amaitu aurretik, beste zutabe miragarri bat utziko dizuet (oraingoan osoa: kapitel, enbor, oinarri eta guzti).
Lanetik etxera natorrenean ardura gelditzen naiz Santizpiritu zubiaren erdigune geodesiokoan. Urguiluz, hala dela uste dut behintzat. Ezkerraldera begiratu eta Aturriren itsas ahoaren zintzurra ikusten dut, noiztenka arrantza ontzi bat sareak hedatzen eta trenera lehiatzen diren bidaiariak, maletaz handizki zamatuak. Eskuinaldera aldiz, Auñamendiak amets, ibaia dakusat, lantegien kea zehargiak argi-aurka eta zakurrez setiaturiko hiriko eskale saldoak, algaraz eta zein gehiagoka mintzo.---
Denbora dildil doakit. Goizean irratian entzun meteo agiriaren funtsaz galdezka nago. Uhar galantak hitzemanak zizkiguten, zeruaren urdin minberak ordea iragarpenak gezurreztatzen dizkit. Edo, Aurelia Arkotxak lerrakeenez, lainoak dira ekiarekin, gristasunez blu-bluiak. Pentsamendu hutsalak irri gutizia hazten dit. Mundutik kanpo naizela dirudit Santizpiritu minean. Debaldetasunaren harrotasunak naroa, noraino eraman nazakeen asmatzea zaila zaidan arren.
Lurrean ttantta bat zartatu da. Txoriak zainetan dabiltza. Ez dakit gauza askorik baina apirilean batere potretik gabe euri egin dezakeela badakit. Heze da ortzea, ur gatibatuz esperantzetan, ene bihotza bezain.
Ibiltzen ahanzten banu bezala.
("April rain", 2009-04-29)
*Argazkian, Delfoseko zutabe bat (eskerrik asko, Nere)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: