Tovaritx

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-10-24 22:00
3

Ideologia, batzuetan, hizkuntzaren muinetaraino iristen da.

Napoleon egutegi errepublikanoa ezartzen ahalegindu zen. Hamar eguneko asteak (hamarteak) atondu zituen, eta egun eta hilen izenak aldatu. Hamabi urteko bide laburra egin zuen kalendera horrek. Iraultza-garai hartan, hiritar esaten zioten elkarri jaun-andreek.

Kadarek kontatzen du Albanian aise itzuli zela hizkuntza lehengo berbetara, erregimen estalinista jausi eta gero, baina Errusian, ez. Sobietarrek ahaztuak omen zituzten hainbat hitz zahar; esaterako, jaun edo andre hitzak (tovaritx esaten baino ez zekiten). Iraultza nagusitua zela hirurogeita hamabost bat urte joanak ziren. Zenbat belaunaldi dira? Bi eta erdi?

Azkenaldian, gurean, hizkuntza ez-sexista dugu boladan, batzuek gizarte barik jendarte proposatzerainokoan (Gara egunkariak "Gizarte" atalari izena aldatu zion duela urte batzuk, kasurako). Ingelesek, ildo beretik, atal berezi bat eskaini ohi diote estilo-liburuetan hizkuntzaren erabilera ez-sexistari. Zinsser-ek, konparaziorako, gomendio horiek aintzat hartu zituen On Writing Well ezagunaren edizio berrietarako.

Hala mudatzen dira hizkuntzak batzuetan, intelektualen buruetatik hasita. Noiztik ez duzue, esaterako, intelektual hitza irakurri? Izan ere, ideologia ondoko garaian bizi omen gara (Giovanna Melendri Italiako kultura-ministro izanari kasu egitera), edo posthistorian (Fukuyamak dioenez); edo hori sinetsarazi nahi digute, behintzat.

irene

irene 2009-11-01 20:08 #1

BERRIAren estilo liburuak ere badu atal berezi bat hizkuntzaren erabilera ez-sexistari eskainia. Hona hemen zer dioen:

› Gizonei eta emakumeei tratu simetrikoa ematen ahaleginduko da BERRIA.

› Emakumeek ez dute talde homogeneorik osatzen. Beraz, estereotipoak eta topikoak saihestu beharra dago. Bai elkarrizketatuei eginiko galderetan, bai albisteari emaniko tratamenduan, kazetariak baztertu egingo ditu hala genero rolei loturiko galdera topikoak nola estereotipoak sendotzen dituzten klixeak.

emakumeak / gizonak
menpekotasuna / independentzia
familia loturak / profesionalak
etxekoandreak / plazagizonak
edertasuna, arropa / kirolariak eta kirolzaleak
emozionala /arrazionala

[x] Kubaz mintzatzean, musika, paisaia eta neska ederrak datozkigu burura.

› Informazio iturriak orekatzen saiatuko da BERRIA, gaia zeinahi dela. Emakumeek, albisteko protagonista ez ezik, informazio iturri ere izan behar dute. Emakumeen presentzia handitzeko eginahalak egingo ditu BERRIAk, eta, alde horretatik, oreka zainduko du aditu eta iritzi emaileengana jotzeko orduan ere.

› Informazioaren alderdi grafikoa ere zaindu behar da, ideien artean nahi gabeko lotura inplizituak sortzea eragozteko.

› Genero indarkeria.

a. Giza eskubideen urratzea da, pertsonen askatasunaren eta duintasunaren kontrakoa, eta hala tratatuko da BERRIAn. Gizarte egiturak sorturiko arazoa izanik, ezin aurkeztuko da maitasun gehiegiaren edo erotasunaren ondorio gisa.

b. Horrelako gertaerak deskribatzeko orduan, pertsonen duintasuna errespetatuko da, eta sentsazionalismoa baztertuko.

c. Biktimen intimitate eskubidea zorrotz errespetatuko da, eta beti aintzat hartuko da beren izen-abizenak jakinaraztea nahi duten edo ez.

› Hizkera sexistarik ez da onartuko.

a. 'gizon' hitza 'gizonezko' adierazteko erabiliko da. Bi sexuetako pertsonak izendatzeko, 'pertsona', 'jende' edo 'gizaki' idatziko da.
Oro har mintzatzeko, '-lari' eta '-ri' atzizkiak erabiliko dira, eta ez '-gizon': esaterako, 'legelari', eta ez 'legegizon'. Orobat jokatuko da genero marka duten beste atzizkiekin: gizon-emakumeez aritzeko, 'iruindar' erabiliko da, eta ez 'iruinseme'.

b. Tradiziorik gabeko hitzetan, '-sa' atzizkia ez da erabiliko: esaterako, 'aktore' idatziko da, eta ez 'aktoresa'*; 'dantzari', eta ez 'dantzarisa'*.

c. Beste hizkuntzetatik itzultzeko orduan, kazetariak saiatu behar du egoki euskaratzeko informazioa biltzen. Esaterako, jakin behar du 'children', 'enfants' edo 'hijos' zer diren zehazki: seme-alabak, semeak edo alabak. Informazio hori biltzea ezinezkoa bazaio, 'seme-alabak' idatziko du, eta txikiak badira, 'haur' eta 'ume' ere erabil ditzake. Modu berean jokatuko du euskaraz hitz elkartuak erabiltzen diren beste kasuetan ere: 'neska-mutikoak', 'errege-erreginak', 'maisu-maistrak', 'jaun-andreak', 'andre-gizonak', 'neba-arrebak'...

d. BERRIAn ez da erabiliko estereotipo sexistei loturiko adjektiborik.

[x] Angels Barcelo kazetari beltzarana

e. Familia loturen aipamen alferrikakorik ez da egingo. Albisteari estu loturiko datua baldin bada bakarrik aipatuko da ahaidetasuna edo harreman pertsonala. Dena dela, betiere izen-abizenak idatziz identifikatuko dira pertsonak, eta sekula ez familia lotura hutsekin.

[x] Putin eta bere emaztea atzo iritsi ziren Parisera.

f. Albisteetako protagonistak aipatzeko, irizpide berak erabiliko dira beti, aipatua gizona izan zein emakumea izan. Hala, lehen aldian izen-abizenak idatziko dira, eta hortik aurrera, abizena bakarrik.

[x] Gurrutxagak ere ale politak utzi zituen, Mendiluzek bezala, baina Maialenen eta Maiaren lana izan zen biribilena.
[√] Gurrutxagak ere ale politak utzi zituen, Mendiluzek bezala, baina Lujanbioren eta Maiaren lana izan zen biribilena.

[x] Guztira 13,5 milioi lagunek ikusi zuten Barbara Walters kazetariak Hillaryri eginiko elkarrizketa.
[√] Guztira 13,5 milioi lagunek ikusi zuten Barbara Walters kazetariak Hillary Rodhman Clintoni eginiko elkarrizketa.

irene

irene 2009-11-01 20:11 #2

Ustez paragrafoak eginak nituen aurreko mezuan, baina ezagun du ez dudala asmatu. Barkatu 'adreilua'!

Block

Block 2009-11-01 21:57 #3

Maialenen adibide hori bikaina iruditu zait beti, Irene; eta "lehen damei" buruzko oharra, gaurkotasun betekoa (Sarkok guarda gaitzala).

Nire esperantza bakarra da, etxeko estilo-liburua denez, ez zenuela testu osoa jo beharko.

Eskerrik asko iruzkinagatik.

Utzi iruzkina: