Terminologia-ariketa
Testugintzari buruzko lanetan, ingelesez, oso erabilia da hitz bikote hau: readibility eta legibility. Gaztelaniaz, ordea, perifrasiaren bidetik abiaturik, legibilidad tipográfica (legibility) eta legibilidad lingüística (readibility) bereizten dituzte. Frantsesez ere dena da lisibilité.
Euskaraz, gaztelaniari edo frantsesari jarraituta, tipografia-irakurgarritasun eta hizkuntza-irakurgarritasun eman genitzake termino horiek.
Ingelesaren aldera ere lerra gintezke. Ez genuke neke askorik izango readibility itzultzen: irakurgarritasun (to read = irakurri). Legibility euskaratzeko, ordea, buruari eragin behar. Ingelesez, eta auzo-erderetan, kultismo bat da hitz hori, latinezko legibilis izenondotik eratorria (hura legire aditzetik dator). Hartara, gure leitu ez litzateke hautu zuhurra izango, beheko erregistroari baitagokio. Aditz horren hamaika aldaeren artean aztarrika eginda, ostera, balio lezakeen bat kausituko genuke: legitu. Harrietek jasoa du hiztegian, eta, gainera, Mendebaldeko hiztunei ere ez zaie arrotza, zenbait lekutan horren aldaera batek, legiduk, korritzen baitu (seguru antzean bokal arteko kontsonante epentetikoa da g hori, eta ez latinaren aztarrena, nahiz arruntean agertu ohi den erderatiko hiatoetan, suberte nahiz sugerte, edo goranzko diptongoetan, mendiya nahiz mendixa). Kultismoen ezaugarria etimoaren nolakotasun fonetikoak atxikitzea denez, guk legigarritasun proposatuko dugu, hala.
Legigarritasuna formari dagokio: letra-motak eta -tamainak; orbana; testuaren eta hondoaren arteko kontrastea; marjinak...Jakina, legible hitz ezaguna da ingelesez nahiz gaztelaniaz, eta euskaraz legigarri ez da ezer, gaur-gaurkoz. Nik, oraingoan, hala ere, nahiago ditut ingelesetiko ordain horiek, trinkoagoak baitira. Auzo-erdaretatik jotzeak, gainera, hitz-elkarte itxuragabe samarrak ematen ditu, nire iritzian (egunen batez, beharbada, hitz egingo dugu hitz-elkarketaren muga estetikoez eta ulermenezkoez). Eta, azken batean, guk, ingelesek bezala, eskura ditugu geure ondareko erroa (irakur) eta mailegatua (le[g]i).
Irakurgarritasuna hitzei dagokie: hitzen hautua; esaldien luzera; testu-antolatzaileak; adieraziaren zehaztasuna...
Horrelakoxeak izaten dira terminologiaren bidegurutzeak, corpusetan emaitzarik ez dagoenean: nahasiak eta subjektiboak. Esango didazue zer deritzozuen.
Iruzkinak
Benito 2009-09-21 00:28 #1

Lehengo egunean Cuaderno Intercultural blogean honetaz jardun zuten, eta gaztelaniaz honako terminoak erabili zituzten: Lecturabilidad y legibilidad, dos aliadas de la comprensión lectora

Edozelan ere, bigarrena, "readibility" hori (lecturabilidad) aintzat hartzekoa da oso hizkuntzen ikas-irakaskuntzan.

Block 2009-09-21 09:03 #2
Bai, Benito, lecturabilidad ere ikusten da gaztelaniaz, batez ere sarean, baina ingelesetiko kalko gordintzat dute askok, eta hala da, lecturar aditzik ez baitago erdaraz.

Gaztelaniazko terminologia Cassanyen lanetatik atera dut, baina beste askok ere berdin erabiltzen dute.

Argibideak ingelesez eta gaztelaniaz.

Utzi iruzkina: