Kalkomaniak

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-11-01 15:03


Kalkoak, ezaguna denez, mailegu gordinak dira, narrasak. Hizkuntzaren eremu guztiak hartzen dituzte, eta, beharbada, lexikoan antzematen zaie errazen. Beste batzuetan, aldiz, oharkabean pasa daitezke; edo zalantza eragiten digute, batez ere esapideetan eta, oro har, fraseologian.

Egunokin, Scott Fitzgerald-en Tender is the Night irakurtzen ari naiz, eta hasieran berean esaldi honekin topo egin dut:

"Something tells me we´re not going to like this place."
Liburuko pertsonaia nagusiak, ama-alabak, iritsi dira itsasaldeko oporleku batera, eta amak ez dio itxura onik hartzen lekuari. Gaztelaniaz eta frantsesez ere ez da arrotza esakunea: Algo me dice que... / Quelque chose me dit... Jakina, ez dakigu zer norabidetan zabaldu den esapidea auzo-erdaretan. Ingelesezko zinemagintzatik hedatu al da? Aspaldi handiko moldea ote da? Bada zer arakaturik.

Jo dezagun esaldia euskaratu behar dugula. Saia gaitezen berban berba itzulita:
"Zerbaitek diost / esaten dit ez zaigula gustatuko leku hau".
Horra egin genitzakeen itzulpenetan hitzez hitzekoena, osagai-hurrenkera eta adierazmoldeak atxikirik. Sorburu-hizkuntzara makurrarazitako esaldia da, zerbaitek esan kolokazioa ez baita, inondik ere, ohikoa eguneroko euskaran. Ala? Egiaztatu ere egin liteke gure susmo hori, Ereduzko Prosa Gaur corpusean zerbaitek [hitza] + esan [lema] sartuta. Eta emaitzak ezustean harrapatuko gaitu, gure aburuaren arras kontrakoa baita. Uste genuen baino garbizaleago al gara?

Beste aukera bat litzateke maiztasun bereko beste esamolde bat (hots, arruntagoa) bilatzea euskaraz. Esku-eskura dukegu:
"Uste dut ez dugula gogoko izango leku hau".
Alegia, ahalegindu gintezke jatorrizkoaren irakurleari esapideak eragindako "arroztasun" bera lortzen.

Duda-mudan jartzen gaitu egoera honek. Batetik, ezin ukatuzkoa da esapidea geureganatua dugula; edo geureganatzeko bidean dagoela, bederen (hizkuntzak, sarri, hala zabaltzen dira, azken batean). Bestetik, garbizalearen eskrupuluei aurre egitea ez da lantegi makala.

Hara itzultzailearen mamutzarretako bat.


Utzi iruzkina: