Itzulezintasunaren poetika

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-02-23 08:02

Batzuetan olerkiak itzultzen jolasten naiz. Eta halakoetan beti tupust egiten dut itzulezintasunarekin, zuzenean nahiz zeharka ezin adieraziarekin. Asko idatzi da horri buruz; ez dut ezer berririk erantsiko.

 

Egunokin berriro gorde naiz ohitura zahar horretan (utzixea nuen, aitor dut). Badira hilabete batzuk aldiro poemak, banaka, kentzen dizkiodala Juan Gelmanen antologia bati (Gelman, J.: Otromundo. Antología 1956-2007, Alcaláko Unibertsitatea / Fondo de Cultura Económica, 2008).



 

Erbestearen literatura da Gelmanena, distira hits halako bat daukana. Bidegabea da, hala ere, deskribapen hori.

 

Semeari eskainitako testuak, bereziki, hunkigarriak zaizkit; Domicilio desconocido liburuan bildu zituen horiek. Ni jaio nintzen urtean, diktadurako poliziak eraman eta desagerrarazi zuen Marcelo Ariel Gelman bere andre Claudiarekin batera. Poema horiek porrokaturik daude, barne-etenik, adarkaturik, zehar-marraz ildokaturik. Dolorezkoak dira.

 XXIII

hilo grueso/delgado/atando el alma

a este desesperarte o esperarte/

nave que se detiene en pleno mar

como puerto donde cargar su nunca/

 

pajarito parado en aire como

visitación de su desvuelo/sangre

que vas/volvés/contra el encerramiento

que te da de comer/de vos/sin vos

 

Lehenbiziko ahapaldian, desesperarte o esperarte horrek zer pentsatua ematen digu; esperatzen edo  desesperatzen zaitut egin liteke, goi-nafarrerazko espe(ra)tu hori gogoan, baina... ez nau gogobetetzen. Bi lerro beherago, como puerto donde egiturak ere buruhauste batzuk emango dizkigu (berriro erlatiboa!).

 

Bigarren ahapaldian ere, visitación de un desvuelo esapideak Mikel goi-aingeruaren ikustaldia ekartzen digu gomutara. Eta desvuelo eta desvelo, hoskidetasunez besterik ez bada ere, hurbileko zaizkio irakurleari. Azkenik, de vos eta sin vos aurkaritza sormenaren errotarriak eho beharko du.

 

Nola euskaratu idatzirik dagoen, eta ez dagoen, hori guztia? Aurrenik, onartu beharra dago gure ezina. Eta, gero, zerbait asmatu.

 

                            XXIII

hari lodi/mehea/arimaren lokarri

zure esperantza edo desesperantzarako/

itsasoaren erdian baratzen den ontzia

sekulaz zamatzeko portuan bezala/

 

txoriño airean gelditua

loezinaren hegaldiaren bisita/odola

zoaz/zatoz/oldarka gatibutzari

jaten ematen dizunari/zuretik/zu gabe



Utzi iruzkina: