Ismoak
Aste honetan berriz tupust egin dut ismoekin; tercermundismoarekin, hain zuzen. Ezkerreko mugimendu batzuen joerari erreferentzia egiten dio hitzak, eta arrunt erabili izan da auzo-erdaretan, bederen. Hirugarrenmundutarrismo proposatu nion zuzentzaileari, eta hark onetsi.
Jabetuta nago konstruktuaren bitxiaz, baina zer egin zitekeen bestela? Sozialismoa eta komunismoa osorik hartuak ditugu, nahiz idazle xuri batzuek baltzakeria eta gizartekeria ere aldeztu zituzten.
Arte-abangoardietako ismo guztiak osorik hartuak ditugu maileguan: futurismo, dadaismo, puntillismo... Inor ez da ausartu etorkizunismo egiten, ordea.
Batzuetan, gainera, gaztelania eta frantsesa ez datoz bat: desarrollismo/développementism. Zer egin halakoetan? Hormak beterik daude desarrollismo txikitzailearen aurkako pintaketaz Hegoaldean, baina Iparraldeko hormetako tinduek zer diote? Garapenismoa zer dateke? Larru beltz eta begi urdineko mestizo bat, ez besterik?
Ez dakit, bada, nire Heren Mundu huntarik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: