Hitzak ikusi
Nagituta nago blogean idazteko. Ez pentsa idazteko gairik aurkitzen ez dudanik, baina pentsamenduak hitzetara ekartzea ez da askok uste duten bezain automatikoa; edo nik, bederen, ez daukat oso monitorizaturik prozesu hori.
Jan Karski-ren Historia de un Estado clandestino liburuaz hitz egin nahi nizuen, eta San Telmo museoan lehengo astean eman zuten dokumentalera gonbidatu.
Jane Austen-i buruzko beste kontutxo bat hizpide hartu nahi nuen, baina... Agorrila hurbil dago, eta norbera ere agorturik.
Eta neke hori nabarmentzenago da lotarako orduan, liburuei heltzen diedanean. Asko hitz egin da hizkuntza-zeinuen eta pentsamenduen arteko lotura arbitrarioaz. Asko hitz egin da hizkuntzak aldatzen ote dituen gizakiaren kosmogonia eta ikusmoldea (Sapir vs Chomsky). Hala ere, ez dakit askorik ikertu den hitzezko edukiak irudi bilakatzeko prozesuaz.
Egunotan, Ivo Andritx eramaten dut ohera, Zubi bat Drinaren gainean liburua eskuan hartuta. Konturatu naiz ikusmenari lotutako deskribapenek nola nekarazten duten iluntzeetako nire zinexin akitua.
Atzo, esaterako, liburuko zubiaren deskribapen xehe zoragarria trebesatu zitzaidan garunetan, bide erdia bakarrik egina nuela.
Eta zubian eta haren kapijan igarotzen da hirixkako biztanleen bizitza, haien jiran edo harekin loturik doazkie egunak, ikusiko dugun bezala.Azalpen historikoetarako sasoirik ez neukan, horratik, eta hantxe pausatu zitzaidan ganberako kamera jostailuzkoa.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: