Hasierako debekuak

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-11-14 10:38


Duela hilabete batzuk, hitzaldi bat eman nuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Itzulpengintza Mintegian, hango arduradun Patxi Petrirenak gonbidaturik. "Unibertsitateko testuak zuzentzen" izenburua jarri nion saioari, eta, hala, hainbat testu eraman nituen, jatorrizkoak eta zuzenduak ondoz ondo ipinita, haien iruzkina egiteko. Benetan gustura aritu nintzen hiru orduz, nireak esaten eta hango itzultzaileenak entzuten.

Testuetako batean eta juntagailua ageri zen esaldi batean hasieran. Hona hemen testu zuzendua:

Hizkuntza-irakaskuntzaren ildo teoriko berrietan, arreta handiagoa jartzen zaie, azken urteotan, hizkuntzaren erabilera modu guztiei; literatura-eredu zurrun bakarra eta (zenbaiten ustez, bederen) urrutikoa denei erakutsi eta hura aztertu beharrean, hizkuntzaren izaera plurala eta erabilesparru guztiak azpimarratzen dira. Eta, horrekin neurri batean lotuta, ikasle bakoitzak etxetik dakarren hizkuntza-jakintza ez da baliogabetzat hartzen eta albora uzten [...].
Entzuleetako batek erreparatu zion esaldi-antolaera horri, eta txarretsi egin zuen eta juntagailua esaldi hasieran azaltzea. Entzuleari arrapostu nion ez zela, beharbada, oso ohikoa izango, baina zenbait egoeratan onar zitekeela.

Orduan, Bibliako Hasiera liburuko harako "Eta argia izan zen" hura etorri zitzaidan akordura, eta hala aipatu nuen, ordena "markatu" horrek zer iradoki dezakeen erakuste aldera.

Harrezkero buruan erabili dut entzule haren kezka (ez zitzaidan arrotz), eta blogean zerbait idaztea pentsatu dut.

Inoiz aipatu dugu hemen Martin Cutts-en Oxford Guide to Plain English liburuko "Seven Writing Myths Explored and Exploded" atala. Bada, mito horietan lehenak erreferentzia egiten dio esaldi hasierako juntagailuen aferari.
Myth 1: You must not start a sentence with "but"

By some people, this ban is even extended to "so", "because", "and" and "however". [...]

Jane Austen starts hers [sentences] with  "but" on almost every page of her novels, and occasionally uses "and" in the same position, in the sense of "futhermore". [...]

[...] the best advice is that you may start a sentence with any word you want, so long as the sentence hangs together as a complete statement. Even to begin a sentence with "and" in the sense of  "furthermore", is fairly common among journalists and novelists who want its extra dramatic effect.
Cutts-en arabera, beraz, egokia izan daiteke eta juntagailua esaldi hasieran erabiltzea, "areago" edo "are gehiago" adierazteko.

Euskararako ere balio lezake azalpen horrek; hitzaldiko esaldia horren adibide bete-betekoa da, hurrean. Dena den, ahaleginduko gara besterik eransten, adibide batzuk emanda.

Garbi dago esaldi hasierako eta hori ez dela juntagailu kopulatibo hutsa. Kontrastean jartzen ditu aurreko eta ondoko perpausetako adieraziak. Har ditzagun perpaus hauek.
?Amak esan zion ez egiteko, eta hark egin zuen.
Horixe litzateke antolaera kanonikoa, baina ez dabil: prosodiaren nahiz semantikaren ikuspegitik, perpaus-segida herrena da.
Amak esan zion ez egiteko. Eta hark egin zuen.
Puntuak "eten dramatikoa" iradokitzen du, batetik, eta, bestetik, etari aurkaritza-kutsua mentatzen dio, bainaren pare jartzeraino.
Amak esan zion ez egiteko. Baina hark egin zuen.
Egingo nuke baina horrek ere behar duela antolaera bereizi hori. Ikus dezagun, osterantzean, zer genukeen.
Amak esan zion ez egiteko, baina hark egin zuen.
Emaitza geza da, batere indarrik gabekoa, motela, eta nago semantikoki ere ez dela guztiz zuzena. Azken batean, bigarren perpausa gertatzeko eragozpenak erakusten ditu lehenbiziko perpausak; ez dira perpaus koordinatu soilak.
Amak esan zion ez egiteko, eta, hala ere, hark egin zuen.
Edo lokailua huts-hutsik emanda:
Amak esan zion ez egiteko; hala ere, hark egin zuen.
Jakina denez, hala ere horren lekuan aurkaritzazko beste lokailu batzuez zerbitza gintezke: alabaina, haatik, hala eta guztiz ere...

Ikasi behar genuke puntuazioa ez dela zorizko antze bat, erabaki bakoitzak bere ondorioak dituela, laguntzen digula testuari testura ematen, hura biribiltzeko edo hauspotzeko. Hitzaldiko testuan, esaterako, aitzakiarik gabea da etaren erabilera hori, indargarria baita (ingelesezko erabileraren ildotik); zuzentzailearen ekarria izan zen, jatorrizko bertsioan ez baitzen ageri, eta, nire "hantuste"an, esaldi luzeko paragrafo horren kolore-kontrastea areagotzen du, neurri batean.
 
Mito guztien ostean beti egoten da egiaren parte bat; pixar bat, besterik ez bada ere. Esaldiaren hasieran juntagailuak jartzea ez da ohikoena, maiztasunari dagokionez, baina, ikusi dugunez, haizu da zenbait egoeratan (jakin egin behar zeinetan).


Utzi iruzkina: