Ezinezko kopulatiboak

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-11-19 21:08


Eta
juntagailuak maila bereko egiturak elkartzen ditu. Errepara diezaiegun izen-sintagma hauei:

*Mikel joan da Parisera eta Mirenekin.
Mikel joan da Parisera eta Lyonera.
Bistan denez, ezabatu behar genuke eta hori. Perpausen mailan ere beste horrenbeste gertatzen da.
*Zira janzten du euria egitean eta ez bustitzeko.
Zira janzten du euria egitean eta mendira joatean.
Zer azaldu handirik ez dago: hain da agerikoa esaldi horien okerra, non balizko hizkuntza-hutsen munduan bakarrik bizi baitira. Egingo nuke ez dudala inoiz entzun edo irakurri horrelakorik.

Gatozen txiri-txiri gaurko auzira, ideien mundutik egitateen mundura eginda. Atzo esaldi honekin topo egin nuen testu batean:
?Hala ere, askotan, eta sinplifikatzearren, honako adierazpide hau erabiltzen da.
Ez dira gutxi izaten halakoak, batez ere helburuzko perpausen lagun datozenak.
?Igandean, eta Telmo Zarraren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko, hainbat ospakizun izango dira Lezamako futbol-zelaietan.
Adibidea asmatua da, baina irakurleari, seguru antzean, ez zaio ezezagun izango. Nik gaztelaniaren itzala susmatzen dut jokabide horretan, gaztelaniazko fraseologian oso sartuak baitaude molde horiek.
El domingo, y para ir cerrando el año, las Gimnastas Rojinegras no federadas viajarán a Cañada Rosquín para realizar el Encuentro [...]
Beste adibide asko ere badira amaraunean, batez ere denbora-sintagmei eta helburuzko perpausei lotuak. Ez nuke inoren sororik lorrindu nahi, baina iruditzen zait gaztelaniazko esaldi horiek tatxarik gabekoak direla.

Euskarak, ordea, ez du horretarako modurik ematen; esamoldea arrotza da, hizkuntzaren normatik kanpokoa (Coseriu). Azken batean, helburuzko perpausa tarteki antzeko bat da, eta horregatik eman ohi dugu koma artean. Ingelesez ere, ez dago adibide bihirik ere
 
Gainera, ezin ahatz dezakegu hizkuntzaren ekonomiaren printzipioa, ezta Zinsser-en esanak ere: "Mekanika batek debaldeko parterik ez duen ber, esaldiek ere ez dute alferreko osagairik".


Utzi iruzkina: