Estiloaren osagaiak (II)

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2008-10-03 08:01
2

4. Juntagailuaren aurretik koma jarri, perpaus koordinatuak lotzen dituenean

Hiriko agiririk zaharrenak galdu dira, eta haren sorrerako historia ezin osa dezakegu.

Egoera arriskutsua da, baina oraindik badago onik ateratzeko aukerarik.

Eta da lotura-partikuletan orokorrena, zehaztasunik gabekoena. Perpausen artean erabiltzen denean, bi perpausen artean nolako edo halako lotura dagoela adierazten du, ezer ere zehaztu gabe. Adibidean, lotura kausa-ondoriozkoa da. Bi esaldiak honela berridatz litezke:

Hiriko agiririk zaharrenak galdu direnez, ezin osa dezakegu haren sorrerako historia.

Egoera arriskutsua izan arren, oraindik badago onik ateratzeko aukerarik.

Adibide horietako perpaus segidak oso ohikoak dira idazkera landugabean. Idazlariak kontuz ibili behar du, beraz, eta era horretako esaldi askorik eratu ez.

Bi zatiko esaldietan [perpaus koordinatuetan], juntagailu batek aurkezten badu bigarren zatia, koma jarri beharko da juntagailuaren aurretik.

Ez zuen ahoa zabaldu, ezta ahaleginik egin ere.

Bigarren zatia lokailu batek aurkezten badu, berriz, puntu eta koma erabiliko da, ez koma.
Ez zuen ahoa zabaldu; hala ere, ahalegina egin zuen.

Bigarren zatiaren barruan [bigarren perpausean], mendeko perpaus bat edo aurkezpeneko bat badago, ez da komarik erabili behar juntagailuaren ondoren.

Egoera arriskutsua da, baina# berehala esku hartzeko prest bagaude, oraindik badago onik ateratzeko aukerarik.

Esan dezadan ez daukadala oso garbi azken hori hala den; alegia, egoera horretan juntagailuaren ondoren koma behar duen ala ez. Izan ere, baldintzazko perpausa parentetikotzat har liteke (Strunk-en beraren terminologia erabilita).
Egoera arriskutsua da, baina[, berehala esku hartzeko prest bagaude,] oraindik badago onik ateratzeko aukerarik.
Dena den, aburua interesgarria da. Ezin uka.

***
Letra etzanezkoak geureak dira.



Patxi

Patxi 2008-10-03 16:11 #1

Aburu interesgarria da, baina, niretzat, are interesgarriagoa zure zalantzarekin aditzera ematen duzuna. Nik koma jartzen dut beti halakoetan. (Elementu parentetikoa --tartekia?-- perpausa izan beharrean beste zernahi denean ere bai: ikus, adibidez, nire lehen esaldia). Zorionak blogagatik.<br>

Block

Block 2008-10-06 08:38 #2

Ahalegindu egiten gaituk, Patxi. Eskerrik asko.<br>


Utzi iruzkina: