Editore, traditore?
Aurten, idazle hilen urtea izango da ingelesdunentzat. Nabokov-en eta Hemingway-ren eleberri argitaragabeak plazaratuko dira; Carver-en Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean ipuin bildumaren jatorrizko bertsioa karrikaratuko da, Beginners izenburupean.
The Observer astehondarkariak bi artikulu bikain agertu ditu, gertakari horien karietara.
"The Final Test in Nabokov´s Untold Story" izenekoan, Nabokoven azken eleberri plazaragabearen nondik norakoaz dihardu Robert McCrum-ek. Idazle errusiar-estatubatuarraren idazteko teknikara hurreratzeko aukera bikaina da. Artikulugileak azaltzen digu nola Nabokovek fitxatan idazten zuen eta, gero, baratxe-baratxe osatu eta ahokatu egiten zituen testuak.
Oinordekoen zalantzak eta kezkak ere aletzen dira, batez ere Nabokoven seme Dmitrirenak. Izan ere, aitak testua (The Original of Laura) erretzeko agindu arren, azkenean, hainbeste urteren buruan, testuaren originala, ohar eta guzti, argitaratzea erabaki du, "aditu"entzako edizio batean.
Virgilio, Kafka, Gandiaga... zenbat idazleren azken nahia ez da bete, bada? Askotxorena, eta eskerrak; bestela, kasurako, Eneidarik gabe bizi behar genuke.
Bigarren artikuluan, "The Final Cut" izenekoan, Hemingway-ren autobiografiaren eta Carverren Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean liburuen edizio berrituez mintzo zaigu Sarah Churchwell.
Carver, maisua, gaur egungo euskal ipuin-idazle gazteen miragarrizko ispilua. Hutsik egin gabe aipatuko dute elkarrizketetan, erantsi gabe Gordon Lish editoreari zor zaiola estilo urri-itxurako eta eliptiko hori (minimalista esan izan zaio).
Lishek, kontakizunak laburtzeaz gainera, eliptikoago, ilunago, bortitzago, zakarrago egin zituen; amaiera irekiagoa eman zien; langile-klasearen eite handiagoa eman, eta intelektual-kutsua kendu zien [...], tonua eta, batez ere, emakumeen alderako jarrera aldatuz.Orain, Carverren emazte Tess Gallagher-ek jatorrizko testuak argitaratzea erabaki du; tira, guztiak ez dira jatorrizko bertsioan azalduko, Lishen emaitza batzuk hobeak direla iritzirik-edo.
Idazle handi ororen atzean, editore (ez argitaratzaile) on bat izaten da. Alabaina, horien izenek ez dute luzaro irauten jendartearen gogoan, gaizto-fama eransteko ezpada.
Idazleak, oinordekoak eta editoreak. Zuzentzaile hau beti aterako da editoreen alde, lehengusu-lehengusinak baikara.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: