Desmarkatu
Politikan eta hedabideetan, hitzek, mendreenak ere, berebiziko garrantzia daukate.
Jon Alonsori entzun nion Brigada Gorriek Aldo Moro hilko/exekutatuko zutela iragartzeko plazaratutako agiriak zirrikitu bat utzi zuela pentsatzeko ez zutela berehalakoan hil behar. Gerundioak (esequendo adizkiak) eragin zuen interpretazio lauso hori (euskaldunok ere badakigu zerbait sasigerundioez, ezta?).
Concludiamo quindi la battaglia iniziata il 16 marzo, eseguendo la sentenza a cui Aldo Moro è stato condannato.
Zalantza hark oso gutxi iraun zuen, baina, itxura batean, italiar gehienak estekatu zituen. Oso garai bizi eta gogorra izan zen hura, berunezko urteena. Italiako Alderdi Komunista bere gorenean zen, eta Moro haiekin gobernuan aritzeko prest agertu zen. Gaur egun, oraindik ere ez dago garbi nor egon ote zen hilketa haren atzetik. Akorduan al duzue CIAren Galdio sare behiala entzutetsua?
Euskal Herrian ere, izaten dira ñabardura doiz beteriko adierazpenak. Azpeitiko gertakariek agerian utzi dute lexikoaren xorroxtasuna: batzuek gaitzetsi dute; beste batzuek dolua agertu dute, eta, oraintsu, AHTren Aurkako Elkarlaneko kideak desmarkatu egin dira.
Gure ume-denboran futbolariak ziren desmarkatzen zirenak. Egingo nuke euskaraz txukunago litzatekeela bat egiten ez dutela adieraztea, baina ezin jakin seguru hori esan nahi zuten.
Izan ere, nork uka hitz egokien hautuaren garrantzia hemen eta han, atzo eta gaur?
Iruzkinak
Patxi 2008-12-18 16:10 #1
Esango nuke atzo, <a href="http://www.berria.info"><i>Berria</i></a>ren webgunean, <i>aldendu</i> irakurri nuela. Lehenbiziko idatzaldia izango zen, orain ez baitago hala.<br>
txerra 2008-12-19 14:07 #2
Euskadi irratian arratsalde hartan aldendu hitza erabili zuten, gero zehaztuz AHTren aurkakoek euskaraz erabili zutela desmarkatu hitza ... Ostean ez dut berriro aditu zer berba erabili duten ....<br>
Utzi iruzkina: