Axular (IV): eufemismoak

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2011-03-07 19:32


Eufemismotan naroa da Axular, beste ekai askotan bezala. Ohargarri da, gainera, zein adierazgarri diren horiek garaiko tabuei eta pentsamolde estuei kontu egiteko.

Hona hemen banaka batzuk:

Hil:

  • Hala daudela denbora guztia iragaiten zaie, eta berak ere iragaiten, finatzen eta akhatzen dira.
  • Orai baitakusagu ezen ia adinaren arauz, heriotzeko portura hurbiltzen garela, hemengoaz egin hurran dugula.
  • Eta guztiz ere egun batez, enperadore hark, kolerak itsuturik eman baitzuen sentenzia gaixto bat, eta haren arauaz iende handia, baitzeramaten galtzera, eskiribatu zioen Mezenas bere adiskideak, eta igorri eskutik eskura, bera iend’artean urrun egonez, buthun labur bat erraiten zioela [...]
  • Ez zaigu arrotz iragan hori, ingelesezko to pass horren oihartzuna baitugu kaskoan. Hemengoak/hemengoekikoak egin aski hedatua dago egun ere. Eta galdu, berriz, piztiekin erabilia da Bizkaiko eskualde zabaletan.
Larrua jo:
  • Oraiño ebastea edo emazte batekin parte izatea, ezta hain miretsteko, zeren hetan bada zenbait probetxu edo plazer. Baiña iuramentuan ezta probetxurik, eta ez plazerik.
  • Aita Altunak, Etxepareren harako poema hartaz ari zela, erabiltzen zuen ezkontekintza datorkit gogora.
Prostituta:
  • Demostenek aditu zuenean, ema-muthiriaren demanda, ihardetsi zioen, ez uste bezala:
Txiza edo gernua:
  • […] bere senharraz bertzerekin egitekorik izan etzuen emazte baten gernuaz eta ur-isuriaz garbitu behar zituela bere begiak, eta halatan berehala argituko eta sendatuko zeitzala.
  • Eta lehenbizikorik, segur baiño segurago, hartu zuen erreginaren ur-isuria, bere emaztearena, eta hartzaz midikuek ordenatu zioten bezala, busti zituen begiak, eta gantzutu.
Mozkorra:
  • Nahi dena izan kasto, eta alabaiña arnoan zopatua egon, eta asean ibili, halakoa dela, suari iraungitzeko olio eta orari bere ganik hastantzeko ogi puskaren emaitea bezala (Climac. cap. 14).
  • Nork ez daki, bada, zer den zopatua?
Deabrua:
  • Lehenbizikoa, utzten du bere kreatzaillea: eta bigarrena, hartzen du kreatura […]
  • Eta hanbatenaz zure indarra eta ahala ere, etsaiari ihardesteko ttipiago eta flakoago.
  • Nola etsai gaixtoak gure Iainkoari berari, tenploaren gaiñera tentatzera eraman zuenean, erran baitzioen […]
  • Joxe Arratibelen ipuinetako etsai zaharra ere hor dugu.


Utzi iruzkina: