Aditz laguntzailearen elipsia (II)

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2008-11-06 07:50

Ageriko aditza laguntzaileak agintzen du komunztaduran

Hasi aurretik, esan dezadan beti izan naizela iritzi honetakoa, baina azkenaldian apur bat hoztu zait jarrera honen aldeko erabateko suhartasuna.

Patxi Petrirenaren eta Juan Garziaren azalpenak aldatuko ditugu hona.


a) Patxi Petrirena: Morfosintaxia


Lana oraindik ez da argitaratu (EIMAren estilo-liburuaren parte izango da), eta, horregatik, iruzkinak egiteko txostenetik hartu dugu aipua.

Aditz guztiak erregimen berekoak ez direnean, laguntzailea agerian duen aditzarekin egiten du subjektuak komunztadura (b eta c kasuak).

a) Mutikoa gelan sartu zen(,) eta atea itxi zuen.
b) Gelan sartu eta atea itxi zuen mutikoak.
c) Mutikoak, gelan sartu, eta atea itxi zuen.

b) Juan Garzia: Joskera lantegi

Liburu horretan luze eta zabal dihardu Juan Garziak afera honen inguruan. Dena den, Itzul zerrendara igorritako mezu bat (2003-05-15) ekarriko dizuet, argigarriagoa delakoan.




Berandu nabil, oso, baina hona nire iritzia, 
zuzenean (arazoak izan ditut mezua helarazteko):
 
Elipsizko perpausa ez da formalki menderatua, 
baina baditu ezaugarri batzuk menderatuetara
hurbiltzen dutena. Besteak beste, partizipio
burutua finkoa da halakoetan, elipsigabeak 
markatzen baitu aspektua:
 
Hortxe eserTZEN/IKO da(,) eta egunkaria irakurtzen/
irakurriko du. > Hortxe eserI, eta egunkaria
irakurtzen/irakurriko du.
 
(Aditz laguntzailearen)  elipsia markatzeko 
kortesia hizkuntza zibilizatu guztiek betetzen
dute, eta horregatik guk ere koma hori (baten
bati komen kontua ateratzen ez bazaio,
sentitzen dut, baina hola dira gauzak).
 
Beste norbaitek argitu duen moduan, 
eliptikoaren aurretik komarik gabe
doan elementua eliptiko horrexena da, 
eta ez bestearena:
 
Patxi hor eseri, eta egunkaria irakurtzen/
irakurriko du (beste norbaitek).
 
Beraz, edo honela ematen da:
 
Patxik, hor eseri, eta egunkaria irakurtzen/
irakurriko du.
 
(Hots, ia-ia:
 
Patxik, hor eseri (e)ta, egunkaria irakurtzen/
irakurriko du.)
 
Edo, bestela, eta hori ere adierazi du baten 
batek:
 
Hor eseri, eta egunkaria irakurtzen/irakurriko 
du Patxik.
 
Hortik landakoak ez dira, nire ustez, zuzen 
eta egokiak, elipsi molde horretan.
 
Gutxiago erabiltzen dugun baina hainbat 
abantaila dituen kontrako bidean, berriz,
koma gutxiago behar da noski, lehenbiziko
perpausa baita nagusi(tu)a, eta besteak haren
subjektua hartzen baitu noski, menderatuek
bezalaxe:
 
Patxi hor esertzen/eseriko da(,) eta egunkaria
irakurtzen/irakurriko (?irakurri)
 
Horiek dira, nire ustez (nire uste hala ere
guztiz sendoz), aukera egokiak.



Utzi iruzkina: