Robot Emilio
Errege eguna gertu dugu. Atzo arratsaldean etxekoentzako opariak erosten izan nintzen eta txikia nintzenetik nahi izan dudan opariaz oroitu nintzen: robot Emilio.
Uste dut denok nahi izan dugula noizbait jostailu hau. Gure garaiarako aurreratua zen, super-jostailu bat. Urtero eskatzen nion Gasparri (bai, Baltasarri opariak eskatzen ez zizkion %2 horretako naiz), baina, amak zioenez, zakuan ahazten zuen.
Txollo bat zen. Hura erosten gastatutako diruak pena merezi zuen, egunero zumo fresko eta irribarre zoragarri batekin esnatzen baitzintuen. Bere arazo propioak izan zitzakeen, baina beti egongo zen zure ondoan. Gure belaunaldiko ikono bat izan zela esan genezake.
(Emilioren lehengusu afrikarra, Engongo)
Nola okurritu zitzaien bere sortzaileei horren izen perfektua? Zientziaren esku hotzetatik zetorrela ahaztarazten zintuen izena, izen maitagarria. Gaur egungo publizista afizionatuek robokid edo robofriend bezalako xarmarik gabeko izenak jarriko zizkioten. Dirudienez, Italian ere saltzen zen, bertan Emiglio izenarekin. Hala ere, izen horrek bazuen alde txarra: Emilio izena zuten umeek bazuten dagoeneko ezizena ikastolan.
Zertarako zakurra? Emiliok askoz gauza gehiago egiten daki, eta nahi ez baduzu ez duzu kaka egitera atera beharrik. Dena dela, ateraz gero, ziurrenik bere ligatzeko teknikei esker neska guztiak erakarriko zenituen. Egunen batean neure etxebizitza badut Emilio bat erosi eta kubatak egiten erakutsiko diot. A zer nolako parrandak botako ditugun!
Besterik gabe, Gasparren zakuan geratu zen laguna, robot Emilio.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: