Ekonomia solidarioan murgilduta
Zer da ekonomia solidarioa? Lanki taldekoek kongresu bat antolatu zuten duela astebete gai hori hizpide hartuta. Munduko toki ezberdinetako pertsonak etorri ziren Huhezira. Batzuk beraien herrialdeetako esperientziak kontatzera, beste batzuk, ordea, besteek esaten zutena dastatzera. Aukera izan nuen ostegun arratsaldeko hitzaldiak entzuteko eta biziki interesgarriak iruditu zitzaizkidan.
Lehenik eta behin, Marie J. Bouchard kanadarraren esperientzia entzun genuen.
Quebec-eko ekonomia sozialaren esperientzia kontatu zigun. Ekonomia soziala oso diziplina zaharra da Kanadan eta errekonozimendu zientifikoa aldarrikatu zuen jakintzagaiarentzat. Azpimarratu zuen kooperatibismoa eredu ekonomiko bilakatu dela Kanadan eta Mariek behin eta berriz errepikatu zuen Arrasateko esperientzia kooperatiboa izugarrizko erreferentzia izan dela beraientzat.
Ondoren MCCren txanda iritsi zen. Jon Sarasuak (Lankiko zuzendariak) eta Adrian Zelaiak (MCCko idazkari teknikoak) kontatu ziguten Arrasateko esperientzia kooperatiboaren historia, oinarriak eta globalizazioaren aurrean gainditu beharreko erronka berriak. Auto-eraketaren ideian sakondu zuten. Sarasuaren esanetan pertsonen subiranotasunean dago kooperatibismoaren giltza. Egitez, paradigma dirudi horrek, baina benetako demokrazia helduaren funtsa izan liteke, mundua gizatartzeko ezinbesteko oinarri.
Horretarako aipatu zuten MCCk demokratizatzeko beharra duela, gizarteratu eta aldi berean gizartearen zati izateko premia. Jon Sarasuaren hitzak bilduz: “Kooperatibismoak baditu bere oinarriak euskal kulturan: solidaritatea, besteengan pentsatzeko parada eta gizartearekiko konpromisoa besteak beste”.
Hala ere, konturatu dira globalizazioak eta aldaketa klimatikoak erronka berriak ekarri dizkiotela kooperatibismoari. Gogoetarako unea dela jaki badakite. Zintzotasun guztiarekin aitortu zuten oraindik MCCk ez duela alternatibarik topatu egungo garapenaren ekonomiko suntsitzaileari aurre egiteko, hau da, jasangarritasunaren giltza topatzeko.
Hitzalditik gehien harritu ninduena izan zen jabetzea Arrasateko kooperatibismoa erreferentzia dela munduko toki askotan. Arizmendiarrietak garai batean abiarazitako proiektua, eredu ekonomiko bilakatu da nazioarte mailan.
Gauzak honela, ez nuke jakingo definitzen zer den ekonomia solidarioa, baina kongresu horrek balio izan zidan kooperatibismoaren inguruan erreflexionatzeko. Are gehiago Arrasatekoa izanda, erraz jabetzen baikara kooperatibismoa, kapitalismo ekonomikoaren benetako alternatiba dela, baina aldi berean kontraesan eta norgehiagoka asko dituela. Gure bailara, proiektu horren zuzeneko palanka da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: