Blogosferan murgilduta
Hasi berri naiz blogosferaren munduan. Beste blogari batzuen blogetan egon naiz kuxkuxean, ez kopiatzeko, ideiak hartzeko baizik. Aztertu ditudan bost blogak oso desberdinak dira, aberasgarria izan da, beraz, ibilbidea.
Luistxo Fernandezen Ingelesen Hilerria izugarri gustatu zait, batez ere Japoniari eskaini dion tartea. Badirudi mundu globalizatu uniforme honetan, aukerak daudela gugandik asko urruntzen diren modus vivendi-ak ezagutzeko. Idazteko modua ere oso pertsonala da eta nik gustuko dut, batez ere, ironia aske uzten duenean. Argazkiei eta irudiei izugarrizko garrantzia ematen diela nabari dut, ez dira edozelan jartzen, sinbolismoz beterik daudela deritzot.
Joxe Aranzabalen Faroa serioagoa eta didaktikoagoa dela esango nuke. Halaber, artikulu interesgarriak daude, komunikazio ikasle batentzat eskertzekoak direnak eta normalean, ohiko mass medietan entzuten ez direnak. Gomendatzekoa da curriculum elektronikoaren inguruko artikulua. Uste baino lehenago txertatuko gara lan munduan
eta horrelako laguntzak primeran datozkigu.
Bestalde, sorpresa bat izan da elpais.com web gunaren bidez aurkitu dudan Eva al desnudo bloga. Eva Roy idazlearena da eta sexua da bertako gai nagusi. Esparru batzuetan hutsalkerian erortzen da, baina baditu artikulu kuriosoak, batez ere, bere ikono sexualei dagozkienak. Ez dakit nor den Eva Roy, baina noizbehinka jarraituko ditut bere tirabira sexualak.
Txema Rodriguezen Garaikogoikoa blogak hizkuntzaren soziolinguistika du aztergai. Hizkuntzen nondik norakoak eta arriskuak lantzen ditu eta datu kuriosoak oparitzen dizkigu. Hitzen eta tokian-tokiko ikonografiaren arteko paralelismoa ere oso interesgarria da. Orain arte ezezaguna zitzaidan soziologiaren adar hori, baina historiarekin dudan afizioa (edo debozioa) dela eta, probetxuzkoa izango dela uste dut.
Sorpresarik handiena izan da natural born julai bloga, Mikel Urmenetarena. Kukuxumusu markaren sortzailea eta gurua da Urmeneta eta hori nabari da bere blogean. Oso freake-a eta erradikala izan daiteke askorentzat, baina benetan ikusgarria izan da Mikelen pertsonalitatea eta filosofia pixka bat ezagutzea. Testuak, argazkiak, irudiak, komentarioak eta batez ere bideoak, guztia da gomendagarria. Horrelako pertsonaia batek bakarrik sor dezake Kuxumusu deituriko industria edo unibertsoa. Izugarri gustatu zait iloba jaioberriaren inguruan idatzi duen artikulua. Animatu eta natural born julai bloga bisitatu, merezi du eta.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: